Urduñako Txirrindulari Elkarteak ziklo-krosa ekarriko du berriro hiriko kaleetara datorren azaroaren 1ean, hasiera emanez, beste behin ere, Euskadiko ziklo-kros denboraldiari. Nazioarteko proba honek C2 kategoria du UCIren (Txirrindularitzaren Nazioarteko Batasuna) egutegian, eta igande arratsaldean izango du jarraipena, 15:00etatik aurrera. Orduan lehiatuko dira eskoletako kategoriak —benjaminak, alebinak eta infantilak—, Bizkaiko Txiki Koparen barruan.
Txikienen kasuan, zirkuitua Juan de Garayko zelaietatik igaroko da, eta irteera zein helmuga Gasteizko errepidean izango dira. Hala, amaiera bikaina emango zaio ziklo-krosak Urduñako hainbat txoko berriro hartuko dituen asteburuari.
Helduen kategorien txanda goizean izango da, 09:00etatik aurrera. Bertan parte hartuko dute gizonezkoen zein emakumezkoen Master, Kadete, Junior eta Elite Sub23 mailako txirrindulariek. Kategoriaren arabera, 4 eta 8 itzuli artean osatu beharko dituzte, eta irteera zein helmuga Foru Plazan izango dira. Sari-banaketa 15:30 inguruan egingo da.
Egun horretan zehar, trafiko-mozketak izango dira. Datorren astean jakinaraziko zaie herritarrei.