Gaur berriz ere argi geratu da ametsak betetzeko inoiz ez dela berandu. Hala erakutsi du Urduñako Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuak bultzatutako Ametsak eta Desioak proiektuak, zerbitzuaren 21 erabiltzaileen nahiak erdigunean jarriz.
Azken hilabeteotan, erabiltzaileek bizi nahi luketen ametsak, zaletasunak edota esperientziak partekatu dituzte. Honi esker, Udalak eta Zaintzen enpresak bultzatutako zerbitzu honetako profesionalek jarduera bereziak prestatu dituzte pertsona bakoitzarentzat; ilusio horiek egi bihurtuz eta haien gogoko gauzei zein bizitza-ibilbideari lotutako une gogoangarriak sortuz.
Proiektua pertsonarengandik hurbileko zainketa-ereduaren barruan kokatzen da. Eredu honek eguneroko beharrak asetzeaz harago joan nahi du, pertsona bakoitzari ongizatea, motibazioa eta bizitzeko gogoa ematen dion horretan ere indarra jarriz. Horri esker, 21 parte-hartzaileek haien gustu zein interesetara egokitutako jarduerak bizi izan dituzte; eta elkarrekin egindako esperientziei esker, parte-hartzea, gizarteratzea eta oroitzapen berriak
sortzea lortu da.
Esanahi handiko hiru desio
Egi bihurtu diren ametsen artean dago Jesus Larrañaga Loyorena: telebista bat jaso du bere gelarako, futbol partidekin eta bere pelikula gogokoenekin erosotasun handiagoz gozatzen jarraitzeko. Real Madrilen zale amorratua den Juan Garcia Garciaren nahia ere bete da, bere taldeko atezainaren kamiseta oso berezi bat jaso baitu. Matilde Barreneongoak, berriz, umetako ametsa bete du, betidanik edukitzea opa izan duen trapuzko panpina bere eskuetan
jasotzean.
Horrez gain, parte-hartzaile guztiekin oroigarri bat izan nahi izan dute proiektuko kideek. Hori dela eta, Urduñako Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuko erabiltzaile guztiek katilu bana jaso dute, euren nahiak, interesak eta bizitza-ibilbideak aitortzeko pentsatutako egun honen oroigarri gisa.
"Ametsak eta Desioak" bezalako proiektuekin, Urduñako Udalak berretsi egin du zainketa-eredu baten aldeko konpromisoa; hain zuzen ere, pertsona bakoitzaren berezitasuna aitortzen duen eta zahartze aktibo, duin eta herriari lotutakoa sustatzen duen eredu baten aldekoa.