Urduñako kale eta txokoak zinema-eszenatoki bihurtuko dira berriz datozen egunetan, hirian grabatuko diren bi ikus-entzunezko produkzio direla eta. Gauzak horrela, Udalak herritarrei jakinarazi nahi die grabazio-taldeak iristeak hainbat espazio publiko aldi baterako okupatzea dakarrela, baita trafikoan eta aparkalekuetan puntualki mozketak eragitea ere. Edonola ere, eragozpenak koordinatuta eta seinaleztatuta egongo dira une oro, bizilagunei ahalik eta traba gutxien eragiteko.
Lehenengo filmatzeari dagokionez, grabazio-lanak udalerriko hainbat tokitan egingo dira gaurtik asteazkenera arte, hilak 4. Gauzak horrela, gaur, trafiko eta oinezkoen joan-etorri mozketa tartekatuak izango dira Antigua pasealekuko sarbideetan eta BI-4906 errepidean, 0. kilometro-puntuko biribilgunearen eta Delikako sarbidearen arteko zatian. Bihar, eragozpenak Otxomaio etorbidearen ingurura lekualdatuko dira; bertan ere trafiko eta oinezkoen mozketa tartekatuak egingo baitira aurreikusitako grabazioetan.
Eta asteazkenean, 06:00etatik 10:00etara, trafikoari itxita egongo da Donibane kaleko zatia, Foru plazaren eta Mikel Deuna kalearen artean. Gainera, goizean zehar, trafiko eta oinezkoen mozketa tartekatuak egingo dira Donibane kalean, Kale Nagusian, Foru plazan, Artekalen, Burdin kalean eta Andra Mari plazan. Era berean, ostiralean, trafikoa guztiz itxiko da Frankos kalean, Foru plazatik Mikel Deuna kalera arte, 11:00etatik 16:00etara. Horrez gain, trafiko-mozketa tartekatuak ere izango dira Foru plazaren inguruan.
Aurreikusitako bigarren filmatzeak eragina izango du batez ere Udalean eta Turismo Bulegoan. Azken horretan, hilaren 18an eta 20an grabatuko da, 08:00etatik 13:00etara; Udalean, berriz, hilaren 23tik 25era arte, 07:00etatik 18:00etara. Informazioa unean-unean helaraziko zaie herritarrei.
Lan hauen ondorioz sor daitezkeen eragozpenen aurrean, Udalak herritarren lankidetza eta ulermena eskertu nahi du.