Emakumeen Aurkako Indarkeria Ezabatzeko Nazioarteko Eguna dela eta, azaroaren 25ean ospatzen dena, Urduñako Udalak kultur proposamenak, topaguneak eta herritarrei zuzendutako sentsibilizazio-ekintzak biltzen dituen jarduera-egitaraua antolatu du. Egitarau honen helburua emakumeen aurkako indarkeriaren eta desberdintasunaren adierazpen desberdinei heltzea da, baita genero-estereotipoei, emakumeek hainbat arlotan duten ordezkaritzari eta gizarte berdinkideago bat eraikitzen jarraitzeko beharrari buruzko hausnarketa bultzatzea ere.
Jarduerak joan den urriaren 26an hasi ziren Alondegian “Sexismoa publizitatean” erakusketarekin, azaroaren 13ra arte ikusgai egongo dena. Erakusketa honen bidez, emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunak iraunarazten lagundu duten mezu eta ereduen inguruko begirada kritikoa proposatzen da.
Azaroaren 19an, 18:30ean, Iratxe Estradaren “Bufón” liburuaren aurkezpena egingo da Urduñako Museoan, Loraldi elkartearekin batera antolatuta; eta 23an, Alondegian, “La Trenza” filmaren zineforuma egingo da, emakumeen esperientzia eta errealitateen inguruko hausnarketak partekatzeko.
Edonola ere, ekintza nagusiak azaroaren 25ean izango dira. 17:00etan, “Osasun mentala eta estereotipoak” hitzaldia egingo da Alondegian, genero-rol eta aurreiritziek ongizate emozionalean nola eragiten duten aztertzeko; eta 19:00etan, elkarretaratzea egingo da Foru Plazan, herritar guztiei irekia, indarkeria matxista gaitzesteko eta hori jasaten duten emakumeei babesa adierazteko.
Egitaraua hurrengo egunean amaituko da, azaroaren 26an, Alondegian 18:00etan antzeztuko den “Feminísimas” bakarrizketarekin. Umorea ardatz hartuta, genero-estereotipoei eta berdintasunari lotutako hainbat alderdiri buruzko hausnarketa egitera gonbidatuko ditu bertaratutakoak.
Urduñako Udalak deia egiten die herritarrei antolatutako jardueretan parte hartzera, baita errespetuan, berdintasunean eta pertsona guztien eskubideetan oinarritutako eta indarkeria matxistarik gabeko gizarte bat aldarrikatzera ere.