Udalak eta Eusko Jaurlaritzak bultzatutako egitasmoak gazteen emantzipaziorako funtsezko arloak jorratuko ditu; besteak beste, etxebizitza, enplegua, prestakuntza, ekintzailetza eta ongizate emozionala.
Gazteek beren etorkizuna Urduñan eraiki ahal izatea eta, bide batez, herrian bertan geratzea, itzultzea nahiz bertara bizitzera etortzea bultzatzea; horixe da Udalak eta Eusko Jaurlaritzak hirian abian jarriko duten “Gazte kabia” proiektu pilotuaren xede nagusia. Urduñan bizi, ikasi edo lan egiten duten (edo hala egiteko asmoa duten) 16 eta 30 urte bitarteko gazteei begira dago ekimena. Dagoeneko, aurkeztu zaie batxilergoko ikasleei, eta datozen asteetan 700 gazteren baino gehiagoren etxeetara helduko den inkesta batekin osatuko da. Izan ere, egitasmo honen bitartez, Udalak osotasunean heldu nahi die gazteen emantzipazioa baldintzatzen duten gako nagusietako batzuei; besteak beste, etxebizitza eskuratzeko bideei, enpleguari, prestakuntzari, ekintzailetzari eta ongizate emozionalari.
“Etorkizuna Urduñan eraiki nahi duten gazteei horretarako bidea zabaltzea da gure asmoa. Emantzipatzeak ez luke zertan herritik joan beharra ekarri. Horregatik, bizi-proiektu bat garatzeko giltzarri diren gaiak osotasunean lantzen ditu egitasmo honek. Orain, gure gazteei entzutea, bidean laguntzea eta tresnak ematea dagokigu, hemen geratzea, itzultzea nahiz bizitzera etortzea benetako aukera izan dadin”, nabarmendu du Iker Santocildes alkateak.
Doakoa, sarbide unibertsalekoa eta aurrez aurreko arretakoa izango da proiektua, eta udalerriari etorkizunerako erronka garrantzitsuak planteatzen dizkion errealitate bat du abiapuntu. Azken urteotan Urduñako biztanleria nahiko egonkor mantendu den arren, 2019an 4.274 biztanle zituen, eta 2025ean, berriz, 4.255; kopuru orokorraren bilakaeratik harago doa Etorkizuneko Sustraiak proiektuaren inguruan egindako diagnostikoa. Hain zuzen ere, belaunaldi-erreleboan jartzen du arreta, bai eta gazteek herrian beren bizi-proiektua garatzeko dituzten zailtasunetan ere; bereziki, etxebizitza eskuratzeko bideei, lan-aukerei eta segurtasun ekonomikoari dagokienez.
Testuinguru horretan, proiektuak bi helburu nagusi ditu: Urduñan bizi diren gazte emantzipatuen tasa handitzea eta emantzipazioaren batez besteko adina jaisten laguntzea.
Horretarako, alderdi objektiboetan nahiz pertsonaletan eragingo du: batetik, informazioa eta baliabideak eskuratzeko bideak landuko ditu, eta, bestetik, prozesu horri aurre egiteko autonomia pertsonala eta gaitasunak eskuratzea bultzatuko ditu.
Emantzipaziorako laguntza integrala
Proiektua hainbat zerbitzu eta programaren bidez egituratuta dago, gazteei emantzipazio-prozesuetan laguntzeko. Horiek horrela, etxebizitza eskuratzea izango da ardatz nagusietako bat; izan ere, hainbat bide landuko dira, hala nola alokairu eta erosketa eskuragarriak sustatzea, etxebizitza hutsak merkaturatzea, jabeekin akordioak egitea, dirulaguntzak ematea eta coliving edo cohousing bezalako ereduak bultzatzea. Gainera, abenduan gazteentzako udal etxebizitza-bulegoa zabaltzea aurreikusi da. Bulego horretan aholkularitza teknikoa eta juridikoa zein informazioa eskainiko zaie gazteei, alokairuaren, erosketaren, indarrean dauden dirulaguntzen edo maizterren eskubideen inguruan. Bulegoa Antiguako pasealekuan kokatuko da, 4. zenbakian.
Etxebizitzarekin lotutako gaiez gain, gune berri honek gazteen osasun mentala eta ongizate emozionala indartzeko programak garatuko ditu. Horretarako, kontzientziazio-, sentsibilizazio- eta prebentzio-ekintzak egingo dira, trebetasun emozionalak garatzeko ekimenak bultzatuko dira, laguntza psikologikoa eskuratzeko bideak erraztuko dira, eta osasun-sistemarekin koordinatutako hitzaldiak eta tailerrak antolatuko dira. Horiei guztiei enpleguari, prestakuntzari eta tokiko ekintzailetzari zuzendutako jarduerak gehituko zaizkie, gazteei Urduñari lotutako bizi- eta lan-proiektuak eraikitzeko aukerak errazte aldera.
Era berean, kulturari, parte-hartzeari, nortasunari eta kidetasun-sentimenduari lotutako alderdia ere landuko da, proiektuak gazteen emantzipazioari heltzeko duen ikuspegi integralaren barruan.
“Arreta ez da informazioa ematera mugatuko. Ereduak orientazioa, bitartekaritza, aholkularitza eta laguntza pertsonalizatu eta jarraitua aurreikusten ditu, bai banaka bai taldeka, gazte bakoitzak bere emantzipazio-ibilbidea diseinatu eta garatu ahal izan dezan, bere beharren eta egoeraren arabera”, azaldu du alkateak.
Eredu izateko bokazioa duen esperientzia pilotua
Urduñako Udalak eta Eusko Jaurlaritzak 2025eko abenduan sinatutako lankidetza-hitzarmenetik dator proiektua. Martxan jartzeko, programak 250.000 euroko aurrekontua izango du, Udalak bere gain har ditzan aurreikusitako zerbitzuen eta programen gauzatzea, bai eta aurrez aurreko zerbitzuaren kontratazioa ere, udal Gazteria Zerbitzuak gainbegiratuko duena.
Urduñan aplikatzeaz harago, izaera pilotuarekin sortu da ekimena, antzeko helburuak dituzten beste udalerri batzuetako egitasmoak diseinatzeko eredu gisa sistematizatzeko, betiere lurralde bakoitzaren berezitasunetara egokitua.