Urduñako Udalak 'Mugak hausten' proiektua jarri du martxan, ikasleen artean genero-estereotipoak gainditzeko

Erabiltzailearen aurpegia Urduñako Udala

LH 6. mailako ikasleek tailer dinamikoak, profesionalen bisitak eta lantegi batera irteera egingo dituzte lanbideei lotutako aurreiritziak hausteko. 

Ikasleen artean genero-estereotipoei eta lanbideei lotutako aurreiritziei aurre egiteko helburuarekin, Urduñako Udaleko Berdintasun Sailak Mugak Hausten proiektua jarri du martxan. 

Ekimen honekin, ikasleek beren etorkizuneko ibilbidea modu libreagoan irudikatzeko aukera izango dute, baita lanbideak generoarekin lotzen dituzten ideia tradizionalak zalantzan jartzeko ere.

“Proiektuak gaur egun oraindik ere haur eta gazteen aukerak baldintzatzen dituzten genero-rolei eta estereotipoei erreparatzen die. Izan ere, txikitatik jasotzen dituzten mezu eta erreferentzien ondorioz, askotan zenbait lanbide nesken edo mutilen esparrutzat hartzen dira, eta horrek eragina izan dezake etorkizuneko ikasketa eta lan-ibilbideen hautaketan.

Horri aurre egiteko, egitasmoak erreferente anitzak eta hurbilekoak eskainiko dizkie ikasleei”, azaldu du Irati Ortiz de Pinedo Berdintasun zinegotziak.

Gauzak horrela, proiektua Urduñako eskolako Lehen Hezkuntzako 6. mailako bi gelatan garatuko da. Adin tarte hau bereziki egokitzat jotzen da, ikasleak estereotipo batzuk barneratzen hasiak direlako, baina aldi berean oraindik garaiz daudelako horiek identifikatu, zalantzan jarri eta bestelako aukerak ezagutzeko. Bestalde, egitasmoak metodologia parte-hartzailea izango du, esperientzien bidezko ikaskuntza sustatuz.

Horretarako, ikastetxean bertan egingo diren saio dinamikoak, genero-estereotipoakhausten dituzten profesionalen testigantzak eta industria-ingurune batera egingo den irteera uztartuko dira. Profesional gonbidatuek ikasleekin partekatuko dituzte beren ibilbideak, aurkitutako oztopoak eta eguneroko esperientziak; bisita praktikoaren bidez, berriz, neska-mutilek zuzenean ezagutuko dituzte emakumeek betetzen dituzten lanpostu tekniko, operatibo eta arduradun mailakoak.

“Mugak Hausten proiektuaren helburu nagusia haurrek lanbideei buruz duten iruditeria zabaltzea da, agerian utziz ez dagoela genero jakin bati lotutako lanik. Horretarako, askatasuna, errespetua, aukera-berdintasuna eta norberaren bokazioari jarraitzea bezalako balioak landuko dira. Hezkuntzatik berdintasuna sustatzea ezinbestekoa da haurrek beren gaitasun eta interesen arabera eraiki dezaten etorkizuna, genero-estereotipoen mugarik gabe”, gehitu du zinegotziak.

Programa amaitzean, ebaluazio saio bat egingo da ikasleekin eta irakasleekin, egindako lanketaren eragina aztertzeko eta etorkizuneko edizioetarako hobekuntza aukerak identifikatzeko.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide