Bizikidetza eta komunitatea eraikitzeko egitaraua antolatu du Urduñak Euskararen Egunerako

Erabiltzailearen aurpegia Urduñako Udala

Hitzaldiek, musikak, eskola-jarduerek, esku-hartze artistiko kolektibo batek eta Durangoko Azokara egingo den bisitak osatzen dute aurtengo egitaraua.

Datorren abenduaren 3an ospatuko den Euskararen Eguna dela eta, Urduñako Udalak herritar guztiei zuzendutako jarduera-egitarau zabal bat antolatu du. Parte-hartzea, kultura, aisia eta hausnarketa uztartuko dituzten proposamenen bitartez, udalerriak berriro aldarrikatuko du euskarak gizarte-kohesiorako tresna gisa duen zeregina eta komunitatea eraikitzeko duen gaitasuna.

Egitaraua larunbat honetan, hilak 28, hasiko da, aurten Laudion ospatuko den Aiaraldeko Euskararen Egunarekin. Hitzordu horretan, eskualdeko ehunka lagun bilduko dira berriro euskararen eta euskal kulturaren inguruan.

Abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko Egunarekin bat eginez, hiriko kaleak musikaz, ahotsez eta euskararen erabileraren aldeko mezuz beteko dira berriro. 12:00etatik aurrera, Herri Eskolak antolatuta, Euskararen Aldeko Kanta Ibilbidea egingo da hiru geldialdirekin (haurreskola, Foru plaza eta Gernika plaza), eta 15:30ean, Andra Mari ikastetxearen eskutik, ikasleen kantak izango dira plazan, baita ikasgelan landutako konpromisoen irakurketa ere.

Jardunaldia etxeko txikienei zuzendutako Eman Hegoak Euskarari! ipuin-saio musikatuarekin amaituko da.

Egitarauak abenduaren 4an jarraituko du, dibulgazio-izaerako proposamen batekin. Mikel Gorrotxategi onomastikan adituak euskal pertsona-izenei buruzko hitzaldia eskainiko du, eta horien jatorria, bilakaera eta esanahia jorratuko ditu euskal ondare linguistikoaren barruan.

Hurrengo egunean, abenduaren 5ean, Durangoko Azokara joan nahi dutenek Udalak antolatutako autobusaren bidez egin ahal izango dute. Zerbitzua Alondegian eskatu ahal izango da datorren abenduaren 3ra arte, 11:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 19:30era.

Nolanahi ere, une parte-hartzaileenetako bat abenduaren 6an iritsiko da, euskararen aldeko horma-irudi bat elkarlanean egingo baita. Adin guztietako herritarrei irekitako jarduera hori Foru plazatik abiatuko da, hiriko gune enblematiko bat hizkuntzarekiko tokiko konpromisoaren ikur ikusgai bihurtzeko. Halaber, Eingo taldeak hiria girotuko du 13:00etatik 15:00etara.

Egitaraua Foru plazan amaituko da abenduaren 11n, Gabonetako Bertso Jaialdiarekin eta, ondoren, Nafarroa Kanta Taldearen emanaldiarekin; amaiera bikaina emanez euskararen inguruan antolatutako jarduerei.

"Urte osoan gure hirian euskararen erabilera indartzeko lan egiten duten pertsona, kolektibo eta erakunde askoren lana ikusarazteko aukera da. Euskara hizkuntza bizia, partekatua eta eguneroko bizitzako esparru guztietan presente egongo den guneak eraikitzen jarraitu nahi dugu", azpimarratu du Uxue Mendibil Euskara zinegotziak.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide