Berriro ere aurkitu dut farran. Areta, San Pedroak, San Jose… beti ikusten dut han eta, hitz bakar bat esan barik ere, deitzen nauelakoan nago.
Soinekoa aldatu egiten du. Batzuetan luzeagoa, besteetan laburragoa. Baina bost axola dit, berdin-berdin dut nik gustuko. Kontua ez da edalontzia, edukia baizik. Egia da tabernetan aurkitzen garenean ez dela gauza bera, beste zera bat du. Ez naiz, ordea, oso tikis-mikisa eta batean zein bestean gustura aritzen naiz. Gakoa bera inguruan ibiltzean datza.
Antzekoa izaten da, erritual bat. Nahita egindako nahigabeko begiradak. Jende artean bilatzea bertan jarraitzen duela ziurtatzeko. Berak alde egin baino lehenago etxeratzeak uzten duen samin hori… Gauak aurrera egin ahala gero eta memelotuago amaitzen dut, mermelada pote bat irenstea bezala; azukre eta goxotasun subidoia. Nitaz adi egongo ote da bera?
Metro gutxira egoten gara askotan, zentimetrotara. Baina hainbeste da gure artean biltzen den jendea… Eskua luzatu nahi nuke beregana iristearren, baina gure arteko hurbiltasuna urruna da.
Ezezagunak ez direnenean, ezagunak dira oztopo. Behin haren parean egonda ere bere lagunen sinpatia lortu behar, euren baimenik gabe ez baitago zer eginik. Banaka barik, hemen taldean ala, gutxienez, binaka ateratzen baikara festan. Nik ere egiten dut, ba. Norbaitekin hizketan aritu behar naiz nire arreta guztia beragan dudala konturatu ez dadin.
Beti bere besoetan amaitzen dut, ordea, berak eragindako ezinegonak izerdituta. Salto eta brinkoka askotan. Burumakur noizbehinka. Dena dela, gogoak indartsu dabiltzanean aurretik aipatutako guztiak berdin du. Jendearen artetik beregana hurbildu, aurpegi alai bat jarri eta lagunaren bihotza bigunduko duen sentimenduz beteriko esaldia bota: “Kalimotxo bat, mesedez!”. Nirea da azkenik.