Koronabirusaren afera medio konturatu da jende ugari Osasun Sistema publikoa zer nolako altxorra den. Baina altxor-kutxek iltze herdoilduak izaten dituzte askotan: langileen behin-behinekotasuna, hainbat zerbitzuen pribatizatzea, lan-baldintza okerrak eta abar.
Nire esperientzia eskasa adibide gisa baliatuko dut. Azken hilabeteetan pandemiari aurre egiteko mediku ez-espezialista andana (6 urteko gradua eta MIR oposaketa gainditua genuenak) kontratatu izan ditu Osakidetzak. Lanaldi osoa 1.200€ gordinen truk. Kide batzuek ospitaleren batean amaitu dute, COVIDaren telefono bidezko jarraipena egiten edota ZIUko erizainen errefortzu bezala, esaterako; beste askok anbulatoriotan egin dugu lana.
Arazoa hauxe izan da: esleitutako lanpostu gehienetan soberan geunden, askotan egitekorik ere izan gabe. Hortxe konturatu gara gure kontratazioa aurpegi-garbiketa baten parte baino ez zela eta, hori ikusita, askok euren kontratuak deuseztatu dituzte.
Dena den, asteek aurrera egin ahala eta buelta askoren ostean, lan zehatzak izatea lortu dugu orokorrean. Hori bai, behin 3 hilabeteko epea bete dugula guztiok kalera, geunden zerbitzuetan kontratua luzatzeko eskatzen bazuten ere.
Hain zuzen ere, gure parean lanean hasitako zelari, erizain-laguntzaile, erizain eta bestelako osasun-langile ugarik egoera berean amaitu dute, udako oporren atarian gauden honetan. Zeren eta, ez dezagun ahaztu, Osakidetzak enpresa bat izaten jarraitzen du.
Beraz, eserleku erosoren batean ezer ez egiteagatik diru mordoa irabaziko duenik bada ere, gogoratu Osasun Sistema publikoaren funtsa baldintza eskasetan ordu asko sartzen dituzten langileak direla. Defenda dezagun sistema publikoa eta borroka dezagun duin eta jasangarria izan dadin!