Azken egunetan entzuna izan da EHUko Medikuntzako ikasleon Gradu Amaierako Lanen epaimahaietan euskaraz aritzeko ezintasuna. Azkenean konpondu bada ere, ez da ikasleok bizi izan dugun hizkuntza-zapalkuntza bakarra, eta hau bereziki mingarria da jakinda EHU dela munduko unibertsitate bakarra zeinetan euskaraz ikasi daitekeen.
Fakultatean ikasten diren 3 urteetan irakasgai guztiak euskaraz jorratzea lortzen da (‘resumen’ hitza ‘erresuma’ bezala itzultzera iristen bada ere). Ospitaletako zikloan, ordea, egoera ezberdina da ikasten den tokiaren arabera, gazteleraz %100a egin daitekeen heinean, gure hizkuntzan 4. mailan %56a eta 5. mailan %70a besterik ezin da ikasi, kontutan izanda Gasteizen ez dagoela euskarazko eskaintzarik. Halere, eta EHUren utzikeriari aurre eginez, irakasle eta ikasleon lan indibidual eta kolektiboari esker urtetik urtera hobetuz goazen emaitzak dira. Horrelakoez kexatzeko graduazio ekitaldia baliatu ohi dugu ikasleok, baina aurten dekanotzak denbora murriztu eta euskara eta espainolezko hitzaldi bateratu bat egitera behartu nahi izan gaitu, egin ezean hainbat autoritate deseroso sentituko zirela argudiatuta. Haien ezerosotasuna gure hizkuntza eskubideen gainetik al dago?
Mediku on eta euskaldunak heztea desio bat izateaz gainera, jada egitate bat delako medikuntza euskaraz ikasteak merezi duela argi dugu.
Gora osasungintza euskalduna!