Errepideko konkorrek larrialdietan duten eragina aztertu du Mateo Lafraguak

Erabiltzailearen aurpegia Xabi Zalbide 2016ko urt. 14a, 11:44

Artziniegatik Bilborako bidean dauden konkorrek sortutako arazoek bultzatuta, gai horri buruzko azterlan oso bat burutu du Mateok. Larunbat honetan aurkeztuko du bere lana Artziniega Museoan.

Artziniegatik Bilborako bidean dauden konkorrek sortutako arazoek bultzatuta, gai horri buruzko azterlan oso bat burutu du Mateok. Larunbat honetan aurkeztuko du bere lana Artziniega Museoan.

Hemeretzi konkor edo baden daude BI-2604 errepidearen Gordexolako tartean, eta guzti-guztiek gainditu behar dituzte Artziniegatik Bilbo aldera joan nahi duten herritarrek. Azken urteotan hainbat polemika eta gatazka piztu ditu auzi honek, baina Gordexolako Udalak (berak baitu errepide horren gaineko eskumena) entzungor egin die protesta eta eskaerei eta abiadura kontrolatzeko sistema honi tinko eutsi dio. Izan ere, Gordexola oso herri sakabanatu eta “luzea” da eta autoek herrian zehar izaten duten abiadura kezka-iturri izan da luzaro.

Aurkezpena larunbatean Artziniega Museoan

Mateo Lafraguak egindako lanaren berri izateko parada izango da larunbat honetan 19:00etan Artziniega Museoan. Ekitaldi irekia izango da ohi bezala eta bertan izango da Mateorekin batera azterlana aurkezteko Luis Murgia, RACeko Segurtasun eta Mugikortasun aholkularia.

BI-2604 errepidearen auziaren bide luzea

Duela sei bat urte Artziniegako Udalak epaitegietara jo zuen plastikozko konkorrak legez kanpokoak zirela argudiatuz, baina lortu zuen bakarra izan zen konkorrak araudira egokitzea eta zebra-bide goratu motako konkorrak ezartzea. Horren ostean, hala ere, ezinegonak bere horretan jarraitu du, Artziniegako bizilagun askoren ustez izaera urbanorik ez duten guneetan ipinita daudelako konkor horietako batzuk, eta eragin txarra dutelako mugikortasunean eta hainbat zerbitzutan.

Administrazioek bizkar eman diote auziari ordutik hona; alde batetik, Bizkaiko Foru Aldundiak udalari laga zion errepidearen eskumena eta ez du, orain arte behintzat, ezer jakin nahi izan; bestetik Arabako Foru Aldundiak bere “lurraldetik kanpo” dagoen errepide-tarte batean interesik ez du erakutsi aurreko legealdietan. Eusko Jaurlaritzak ere ez du kontua aintzat hartu.

Osasun garraioarekin izandako esperientzia, pizgarri

Konkorrek mugikortasunean eragiten dituzten problemen artean bat nabarmentzekotan, larrialdietako zerbitzuak aipatu beharra dago. Izan ere, BI-2604 errepidea da Artziniega bere erreferentziazko osasun-azpiegiturekin (Zallako osasun zentroa eta Gurutzetako ospitalea, adibidez) lotzen duen biderik artezena eta zentzuzkoena, eta beraz anbulantziek derrigor zeharkatu behar dituzte konkorrez beteriko 7 kilometro, horrek dakarren atzerapen eta problemekin.

Kezka horrek bultzatuta, iaz ekin zion Mateo Lafragua Artziniegako bizilagunak kontua aztertzeari. Mateok oso hurbiletik bizi izan du osasun-larrialdien kontua aspalditik –urte gutxian giltzurruneko bi transplante jaso zituen eta ospitalera anbulantziaz eta urgentziaz joatea sarriegi tokatu zitzaion-, eta gaiaz duen ezagupenaz baliatuta, profesionalekin, gaixoekin, elkarteekin edo sindikatuekin kontaktatzen hasi zen larrialdi eta konkorren inguruan zuten ikuspuntua jasotzeko; hala, euren eragina zehazte gura zuen, bai eta izan litezkeen alternatiben berri eman. Denen aldetik jaso du laguntzeko prestutasuna eta ekarpenak, eta hasieratik antzeman du gero eta zalantza gehiago dagoela elementu hauen inguruan, badirelako, Lafraguaren esanetan, “abiadura kontrolatzeko alternatiba seguruagoak eta pertsona eta ibilgailuei kalte txikiagoa eragiten dietenak”.

Lanaren ondorio gisa, Lafraguak nabarmentzen du errepideko konkorrak asmo on batekin jaio ziren arren, ez dutela betetzen haien xedea, gidari askok abiadura ez dutelako moteltzen eta aurreratzeko baliatzen dituztelako. Horretaz gain, erregai gehiago kontsumitzea dakarte, kalte egiten diete auto zein autobusen beheei eta, batez ere, balioezintasuna duten pertsonentzat eta larrialdietako ibilgailuentzat oso traba handia dira. Mateok nabarmentzen duenez, gainera, “osasuneko kalteak konponezinak izan daitezke zenbait gaixoren kasuan”. Eusko Jaurlaritzak berak ere zentzu horretan aitortu du konkorrak “gaixotasun profesionalak” sortzen hasiak direla, eta ondorioak are argiago ikusiko direla hemendik urte batzuetara.

Gaia, atzera ere pil-pilean

Mateoren ekimenak gaia berriz ere gaurkotasunera ekarri du eta, hala, azaroan Artziniegako Udalak aho batez onetsi zuen mozio bat, zeinean adierazten zuen erakunde guztietara joko zuela konponbide eske, eta Arabako Foru Aldundiari eskatzeko Artziniegako herritarren eskubideak defendatu ditzala. Horren ondorioz, astearte honetan bertan bildu da Artziniegako alkate Iñigo Gómez Unzueta Araba zein Bizkaiko foru diputatuekin eta Gordexolako Udalarekin. Alkateak jakinarazi duenez, bileran erabaki zen “alternatibak aztertzeko oinarri izango den dokumentu tekniko bat egitea aurtengo lehenengo hiruhilekoan”; hortik aurrera, neurriak ezartzeko modua aztertuko litzateke. Batzar Nagusietan, Legebiltzarrean eta Arartekoan ere aste honetan jaso dute taldeek Mateok egindako azterlana.

 

 

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide