Mapa eskuan eta ibili munduan

Erabiltzailearen aurpegia Xabi Zalbide 2013ko urr. 3a, 08:22

Mendian zehar oinez, korrika eta bizikletaz ibili, kaleetatik galdu gabe batetik bestera joan, eskalatu, arku batekin tiro egin, eskiatu, kanoan ibili… konpetizio gutxitan izango da naturaz eta kirolaz gozatzeko modu eta aukera abenturako raidetan beste. Zapatu honetan, gure eskualdean modalitate hau bertatik bertara ikusteko parada izango dugu, Aiara Spiuk Raid Taldeak antolatuko duen Aiaraldeko I. Raidari esker.

Mendian zehar oinez, korrika eta bizikletaz ibili, kaleetatik galdu gabe batetik bestera joan, eskalatu, arku batekin tiro egin, eskiatu, kanoan ibili… konpetizio gutxitan izango da naturaz eta kirolaz gozatzeko modu eta aukera abenturako raidetan beste. Zapatu honetan, gure eskualdean modalitate hau bertatik bertara ikusteko parada izango dugu, Aiara Spiuk Raid Taldeak antolatuko duen Aiaraldeko I. Raidari esker.

Raida proba bakar hainbat “abenturako” kirol biltzen dituen kirol-modalitate bat da. Proba bakoitzak kirol ezberdinak izan ditzake (oinezko lasterketa, btt, eskia, ur-kirolak, eskalada…), denak ere taldeen orientazio- eta erresistentzia-gaitasuna frogatzeko modukoak. Abenturako raidak taldeka jokatzen dira eta parte-hartzaileek ezin dute kanpoko laguntza jaso, autonomoak izan behar dute, ezta motordun ibilgailuak erabili ere.

Raiden ezaugarri berezietako bat da ibilbidea ezin dela aurretiaz jakin; sekzio bakoitzaren irteera eta helmuga bitartean kontroleko puntu batzuk daude, eta batetik besterako ibilbidea librea da. Hau da, talde bakoitzak bere ibilbidea aukeratu dezake, betiere kontrol-puntuetatik igarotzen bada. Taldeak erabaki dezake kontrol-punturen batetik ez pasatzea, batzuetan ez baita derrigorrezkoa, baina horrek puntu gutxiago pilatzea ekarriko dio. Ibilbidea aukeratzeko ezinbestekoak dira mapak; ez dago seinalerik bidean eta, hortaz, mapa eta iparrorratzaren laguntzaz, taldeak gai izan behar dira ibilbidea ahalik eta arinen egiteko.

Laudion zapatuan egingo den probaren kasuan sei kiroletan erakutsi beharko da trebetasuna: mendiko bizikleta, trekking, hiri-orientazioa, espeleologia, rapel-tirolina eta punteria-proba bereziak. Hori guztia lau sekziotan banatuko da: lehenengoan hiri-orientazioa eta punteria-probak, bigarrenean mendiko bizikleta eta eskalada , hirugarrenean trekking, rapel eta espeleologia eta amaitzeko beste btt-ibilbide bat. Guztira 50 km inguru bete beharko dituzte parte-hartzaileek, gehienez 7 ordutan eta proba guztiak betez. Proba nagusiaz gain, easy-raid izenekoa ere jokatuko da, distantzia laburrago batean.

Lasterketa goizeko hamarretan hasiko da, parte-hartzaileei azalpen teknikoa eman ondoren, eta helmuga zazpi ordu geroago itxiko da, arratsaldeko bostetan. Aurreikusten da lehenengo taldeak 15:00 aldera heltzea. Easy-raid probari dagokionez, 11:00etan hasi eta 15:00etan amaituko da.

Laudioko probaren antolakuntza-lanetan Laudioko Aaron Garmendia eta Ibone Sánchez neba-arrebek osatzen duten Aiara Spiuk Raid taldea aritu da. Eskarmentu handiko kirolariak dira biak (Ibone aurten Euskadiko triatloi txapeldunordea izan da) eta urteak daramatzate abentura-raidetan parte hartzen. Aurten, iaz bezala, Arratiako Xegiba taldearekin batera ari dira parte-hartzen raidetan, eta beste lasterketetan parte hartzeaz gain gure eskualdeko ingurune ederra aprobetxatu nahi izan dute bertan ere proba bat antolatzeko.

Aiaraldeko I. Raida baliagarria izango da, gainera, Columbia Raid Series zirkuiturako. Zirkuitu horrek Euskal Herrian jokatzen diren 8 abentura-raid biltzen. Momentuz, Aiara-Xegiba taldea hamabigarren postuan dago.

 

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide