Aiaraldearrak UTMB mendi-lasterketan

Erabiltzailearen aurpegia Xabi Zalbide 2013ko abu. 30a, 08:00

Ultra Trail du Mont Blanc mendi-lasterketa asteburu honetan jokatuko da Chamonix aldean. Bertan dira Gaizka Barañano eta Gorka Marañon amurriarrak eta Iñaki Sanchoyerto eta Borja Atxa urduñarrak.

Ultra Trail du Mont Blanc mendi-lasterketa asteburu honetan jokatuko da Chamonix aldean. Bertan dira Gaizka Barañano eta Gorka Marañon amurriarrak eta Iñaki Santxoierto eta Borja Atxa urduñarrak.

Egunotan, Chamonixeko kaleak eta inguruak Europako eta mundu osoko mendi-korrikalarien eta zaletuen topaleku bihurtu dira, izan ere, Ultra Trail du Mont Blanc lasterketa sonatua dela eta milaka lagun hurbildu baitira Frantziako alpeetako “hiriburura”. Bertan daude, abiatuko diren 2.300 lagunekin batera, gure eskualdeko lau mendi-lasterkari: Amurrioko Gaizka Barañano eta Gorka Marañon eta Urduñako Iñaki Sanchoyerto eta Borja Atxa. Laurek ere 166 km-ko lasterketa nagusian hartuko dute parte. Proba nagusiaz gain, aste honetan zehar jokatzen diren beste hiru proba ere badira: astelehenean hasi zen taldekako PTL lasterketa, 300 km-koa, bart gauean amaitu zen 119 km-ko TDS lasterketa (Arnau Julià kataluniarrak irabazi du), eta ostiralean abiatuko den CCC lasterketa, 100 km-koa.

Esan bezala, aiaraldearrek bariku arratsaldean abiatuko den lasterketa “izarrean” hartuko dute parte, 166 km-an zehar eta Frantzia, Italia eta Suitzatik pasatuz Mont Blanc-eko mendigunea inguratzen duen ibilbidea egiteko asmoz. Gaizka Barañano Txapel, gainera, aurrean ibiltzeko asmoarekin aterako da, iaz egindako lasterketa ikaragarriari esker lortutako 22. dortsala gainean duela. Iazkoan, hala ere, eguraldi txarra zela eta, ezin izan zuten burutu ibilbide osoa eta Gaizkak arantza hori kendu nahi du eta berarentzat ohikoa ez den distantzia batean zelan dabilen ikusi.

Iñaki Sanchoyerto, Gorka Marañon eta Borja Atxa ere onena emateko asmoz aterako dira urteko hitzordu nagusi honetan. Hirurek daukate eskarmentu handia distantzia oso luzeko lasterketetan (Hiru Handiak, Ehun Milak…) eta azken urteotan gorako progresio nabarmena izan dute. Sanchoyertok benetan postu onak egin izan ditu hainbat distantziatako proba askotan, eta Marañonek eta Atxak, esaterako, oso lasterketa txukunak egin zituzten iazkoan Hiru Handiak eta Ehun Milak lasterketetan, hurrenez hurren. Gainerako euskaldunei dagokienez,  maila handiko lasterkariak izango dira tartean: Imanol Aleson, Zigor Iturrieta, Javi Dominguez, Felipe Artigue, Maddi Arrazola, Silvia Trigueros… Badirudi aurtengoen eguraldia lagun izango dutela eta, ahal den neurrian, probaz gozatzeko aukera izango dutela.

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide