Kirol errendimendua hobetzeko sustantzien kontsumoa -hau da, dopina- gauza zaharra da gurean. Orrialdeak eta orrialdeak idatzi dira horretaz. Ziklismoa izan da horren biktimarik nabarmenena azken urteotan. Dopinarena berarena zein orrialdeen uholdearena, esan gura dut. Baina arazoa ere bada dopina ez dela soilik kirol profesionalen edo kirolaren profesionalen kontu bat. Erresistentziako kirolek izan duten boomarekin denok ikusi, entzun edo susmatu dugu kirolarekin ia ia dirua galtzen duen jendea nola pasatu den "farmaziatik". Tristea da, baina hala da.
Horren harira, duela egun batzuk gogoeta interesgarri bat irakurri nion Marc Pinsach mendiko eskiatzaile eta lasterkari katalanari bere blogean, ohi bezala, ederto eta argi idatzita. "El dopatge més enllà de la cartera" zuen izenburu, eta bertan mendiko eskiaren eta mendiko lasterketen munduan fenomeno honek izan ditzakeen arrazoiak argitzen saiatzen da, azaletik besterik ez bada ere. Tartetxo bat hartu dut euskarara ekartzeko, interesgarria izango delakoan.
DOPINA DIRU-ZORROTIK HARAGO
Duela hilabete batzuk Vèrtex aldizkarian argitara emandako artikulu batean irakurleari gonbita luzatzen nion gogoeta egiteko kirol batzuk praktikatuz, adibidez solo estiloko eskalada edo base jauzia, lortzen den proiekzio mediatikoaz. Dena dela, eskiatzaileak edo mendiko korrikalariak ere izan daitezke bide okerrak hartzen dituztenak. Hemen ere eremu labainean ibil gaitezke, zorroan diru gehiago sartu edo gure arimaren alde ilunari jaten ematearren.
Ziklismoarekin gertatzen den bezala, mendiko lasterketetan edo mendiko eskian kondizio fisikoa funtsezkoa da emaitza ona lortzeko. Teknikak edo taktikak zeresan txikiagoa du eta, ondorioz, kirol-errendimendua neurri handi batean kontu fisiologiko baten araberakoa izaten da. Aurreko artikuluan esaten genuenez, "solo" estiloko eskaladan dabilen kirolari profesionalak, diru-mozkinen beharrak bultzatuta, bere burua presionatuta ikus dezake berez handiegi zaion erronka bati ekiteko, eta hala, arrisku erantsi bat emango dio jarduerari. Mendiko eskiatzaile batek ere okerreko bidea har dezake kontratu komertzial hobea sinatzea ahalbidetuko dion kirol-emaitza lortzearren. Eta lasterbide hori dopina da. Diru-mozkinak lortzeko presioak mundu bietan eraman gaitzake okerreko bidea hartzera. Batzuek bizitzarekin ordain dezakete; besteek, berriz, desohorearekin, norberaren irudia usteltzearekin eta bakar jokoan tranpatan ibiltzeak edo dopinaren kontrako kontrol batean positibo emateak dakarren umilazioarekin. Honaino egin dugun irakurketaren arabera, kirolari batek okerreko bidea har dezake diru-irabazi batzuk lortzeko nahi soilagatik. Berriz ere dirua mundua mugiarazten. Baina kontua da mendiko eskiak edo mendiko lasterketek mugitzen dituzten diru-kopuruak hain direla apalak, ezen askotan ez liratekeela nahikoak izango ezta ere dopatzeko produktuen prezioa ordaintzeko. Eta hala ere, badira dopinetik oso aparte ez dabiltzan kirolariak. Zergatik?
Neurri handi batean maitasunak eta eskuzabaltasunak, inbidiak eta gutiziak, botere-nahiak edo besteekiko miresmenak eraman dute gizateria gaurdaino dagoen lekura. Beti izan dira pasioak –baxuak, baina baita nobleak ere- pertsona baten bizitzaren une jakinetan arima goratu dutenak aurreiritzi sozialen, mesfidantzen, zalantzen eta arrazoiaren beldurren gainetik, zerbait aparta egitera iristeko. Horregatik, gainditu beharra dago giza ekintza guztiak –baita ere mendiko kirol bat praktikatzen duten kirolariarenak, non milioitako kontratu komertzialak ezinezkoak diren- arrazionalki definitutako interes ekonomiko batek determinatuta daudela dioen analisi marxista.
Kirolariak dira seguru aski herritarrek gehien miresten dituzten pertsonaiak, baina hori ez da analisi arrazional bati esker. Hala balitz, medikuak, zientifikoak edo teknikoak miretsiko genituzke, bizitza salbatzen edo errazten diguten horiek. Kirolariak aparteko pertsonatzat hartzera garamatzana giza espeziearen sakonean bilatu behar da, duela mileniotatik gure biologian sendoen errotutako pasioetan. Izan ere, gaur egungo kirolaria behinolako gerlaria da sinbolikoki, gudutik garaile zetorrenean tribu guztiak gurtzen zuen gerlaria. Eta hain zuzen ere, horixe da dopatzen den kirolariak bilatzen duena: konpetizioan antzezten den gerra sinbolikotik itzultzean tribuaren altzoaren berotasunean jasotzen den loria.
© Marc Pinsach