Ia lau mila kilometro egin dizkiogu alokairuko autoari. Euri asko ikusi dugu aurreko kristalaren kontra milaka tangadatan apurtzen, elurra ere bazterrak zuritzen ere ikusi dugu, gure gidatzeko trebezia kolokan ipintzen. Herriak, hiriak, jendeak, mendiak, oihanak eta itsasoa lango lakuak ikusi ditugu Txile hegoaldean daramatzagun hogei egunetan. Eta eguzki izpi bat azaldu delarik eskiak hartu eta basoetan barrena abiatu gara tontorren bila eta ondorengo jaitsiera amaigabeen bila: Lonquimay, Quetrupillan, Llaima, Antuco... Doinu maputxeaz lurraren arnasa azaleratzen duten sumendiak, zein baino zein ikusgarriago.
Eta ostegunean, ustekabean, guztiz mutu geratu ginen lehen aldiz bidaia honetan, Andeetako handitasunaren aurrean txunditurik.