Oraindik hauteskunde ostearen berotan gauden honetan, eta txingarrak guztiz hoztu aurretik, uste dut Artziniegan gertatu denaren inguruan gauza batzuk esatea komeni dela, hainbeste urteren ondoren udalean aldaketa politiko baten aurrean egotea, edo behintzat aldaketa posible baten aurrean egotea, ez delako egunero ikusten den zerbait.
Goazen lehenengo datu hotzetara eta 2011tik hona datuek erakusten duten eboluzioarekin: EH Bilduk 395 boto hartu ditu (aurrekoetan baino 60 gehiago), EAJk 384 (30 gutxiago), PPk 118 (60 gutxiago) eta PSEk 41.
Nabarmentzeko gauza batzuk daude gehiago datuon harira:
- EH Bilduk 2011n hartutako joerari segida eman dio, eta nola gainera. Duela 4 urte ezkerreko espazio soberanista ia osoa betetzeko gai izan bazen - inoizko emaitzarik onenak lortuz esparru ideologiko horretako indar batentzat- oraingoan, 60 boto gehiagorekin, aldaketarako nahiarekin konektatu du, eta duela urte gutxi ezker abertzalearentzat utopia hutsa ziren portzentajeetara heldu da. Tartea oso txikia izan da bigarrenarekiko, baina irauli egin du tableroa eta irabazle da azken batean, jauzi ikaragarria eginda.
- EAJk, galdu arren, ez ditu inondik inora emaitza kaskarrak izan. Datu historikoei begiratuta, esan liteke emaitza ona dela, oso gutxitan gainditu baitute jeltzaleek 400 botoren langa udal hauteskunde batzuetan, Artziniegan, 1983tik lehenengo indarra izan diren arren lehia guzti-guztietan. Egia da 2000. hamarkadan izandako biztanle kopuruaren igoerak ez diela jeltzaleei aparteko etekinik ekarri, baina bere oinarri elektoralari oso ondo eutsi diote. Hala ere, hogeita bi urtetan lehenengo aldiz ez da indarrik bozkatuena.
- PPk, argi eta garbi esateko, zaplastako itzela hartu du. Igandeko galtzaile nagusia da zalantza barik, udal-hauteskunde batzuetan inoiz izandako emaitzarik txarrena eskuratu baitu. Hirurogei boto galtzea, non eta historikoki sendo ibili den herri batean, porrot handia da edonondik begiratuta ere. Zail zuen marka saltzea eta larrutik ordaindu du. Botoa guztiz desmobilizatu zaio.
- PSEz ezin da askorik esan. Indar politiko testimoniala da Artziniegan aspalditik, baina nola edo hala eusten dio bere espaziotxoari, nahiz eta parakaidistaz beteriko hautagaitza aurkeztu duen.
Eta orain gatozen analisira. Zergatik gertatu da hau? Nolatan hautsi da EAJren 30 urteko nagusitasuna, legealdi lasai samar baten ondoren, udalak diru-kontuak garbi dituen egoera batean? Zer dela eta PPren gainbehera erabatekoa? Nondik nora mugitu dira botoak?
Hasteko, kontuan izan dezagun udal hauteskunde batzuen aurrean gaudela, eta faktore lokala oso markatua dela. Izan dezagun hori beti presente. Bi indar politiko nagusien arteko orekan izandako aldaketari dagokionez, lehenengo eta behin hautagaietan ipini behar dugu arreta: EAJn 8 urtez alkate izandako Agurtzane Llanok kargua utzi eta Iñigo Gómezi eman dio txanda, eta hautagai berri bat beti da inkognita bat; Iñigo zinegotzia izan da aurreko legealdian, eta gestore onaren perfilarekin aurkezten zen, lanerako gaitasun handia eta udal kontuen ezagutza sakona duen pertsona bat baita. Baina handicap batekin sartzen zen Iñigo lehiara: “kanpokoa” eta oso ezaguna ez izatea. Eta hala ere Agurtzane estreinakoz aurkeztu zenean baino boto gehiago bildu ditu Iñigok. Susmatzekoa zen, dena dela, boto batzuk galdu zitzakeela EAJk, Kontua zen zenbat, bai eta atzetik zetorrenak zenbat boto gehiago izango zuen eta horiek nahikoak izango ote zitzaizkion. Eta izan zaizkio. Izan ere, EH Bilduk Joseba Vivanco hautatu zuen prozesu parte-hartzaile batean (espero zitekeen bera ateratzea, bestalde), eta bi abantailarekin sartzen zen borrokara Joseba: herriko “natibo aktibo” bat izatea -eta plus horren ondorioz herrian oso ezaguna- eta aurreko legealdian zinegotzi moduan egindako lana. Komunikazio-lan oso potentea egin du Josebak lau urtetan, bere jarduna eta udaletxearen barruan gertatzen zena plazara ekarriz, sare sozialen erabilera eragingarri baten bidez. Kazetari modura duen trebezia baliatu du horretarako, eta sarritan udalak egin beharreko zeregina bere gain hartu du. Bistan da bere fruituak eman dizkiola, eta Josebaren hautagaitzak 2011ko olatuari indar handiagoa eman diola.
Zerrendaburuak aipatu ditut, baina noski, hautagaitzako gainerako kideek ere euren garrantzia izan dute jendearen hautuan, eta ez txarrerako nire ustez. Biek zerrenda txukunak osatu dituzte, prozedura ezberdinen bidez baina haien merkatuan oso salgarriak zirenak. Aipatzekoa da kanpainaren azken txanpan EAJ “taldearen” balioa azpimarratzen ahalegindu dela, agian hautagaiaren ospe gabezi txiki hori konpentsatzeko asmotan.
Bestalde, zelakoak izan dira eta zein izan da kanpainen zeresana azkeneko emaitzan? Bada bi indar nagusien artean aldeak begi bistakoak dira: EAJrena isil samar joan da, perfil baxuarekin, eta EH Bildurena berriz askoz aktiboagoa izan da. Hori logikoa da kontuan hartuta bai bi indar politikoen ezaugarriak bai agintean dagoen alderdiak legealdi lasaia izan duela; gatazka handirik eta arazo ekonomikorik gabe joan zaio, baina esango nuke aldi berean halako inaktibotasuna nabari izan zaiola eta, 2007-2011 ez bezala, ezin zuela egindakoa baliatu lorpenak saltzeko. EH Bilduk, bere aldetik, eskura ikusten zuen sorpassoa eta indar guztiak jarri ditu azken hilabeteotan hautagaitza eta programa osatze aldera aktibatutako prozesu parte-hartzailea azaleratu eta komunikatzeko, bai sare sozialen bidez bai kalean ere, eta jende askorengana heltzea lortu du.
Gainerako bi alderdien kasuan ez dago gauza handirik esateko. PPren deskalabrua EH Bilduren aurrerapausoaren parekoa izan da, hirurogei boz gutxiago jasota. Argi dago estatu osoan izan duen beherako joerak zerikusia duela, gaur egun PP marka oso gaitza delako saltzen. Euskal Herrian eta Aiaraldean ere zartakoa oso handia izan da. Badira hala ere arrazoi gehiago: nagusiena da PPk ez duela Artziniegan berritze naturalik, hau da, oso boto zaharra duela eta haietako batzuk ere bidetik laga dituela; eta beste bat da legealdi honetan EAJren gerizpean aritu dela, makulu izan zaio udal-gobernuari eta ez du jakin perfil propiorik osatzen. Joseba Elejaldek erraz eutsi dio zinegotzi-aktari, baina eskuin espainolistak emaitzarik txarrena erdietsi du 1983tik. Eta kontuan izan behar dugu Artziniegan aski indartsua izan dela espazio ideologiko hori historikoki. PSEren inguruan ez naiz luzatuko, alderdiak Gasteizko militanteekin osatu du hautagaitza eta bere kota minimoetan ibili da. Dena dela, 41 boto eskuratzeak erakusten du hautesleen parte batek irizpide lokala guztiz baztertuta ematen duela botoa; plastikozko maniki bat ipinita ere “bereei” emango dio botoa.
Baina analisi arin honetan zerbait bada zaila da boto-mugimenduak identifikatzea. Parte-hartzea antzerakoa izan da, 2011n baino bi puntu apalagoa besterik ez. Pentsatzekoa da EH Bilduk irabazitako eta PPk galdutako boto kopurua berbera izatea kointzidentzia hutsa dela, salbuespenak salbuespen, eta PPk galdutako boto gehienak abstentziora joan direla. EH Bilduk, itxuraz, boto berria aktibatzea lortu du, bai gazte jende askorena, bai abstentzioan egondako jendearena. Transbaserik agerikoena nire ustez foru-hauteskundeetako emaitzen argitan ikusten dugu: EH Bilduk udalekoetan jasotako botoen zati nabarmen bat Podemosek eskuratu ditu Biltzar Nagusietakoan, ia ehun boto. Beste mugimendu aipagarririk ez dut antzematen. Baliteke EH Bilduk EAJri baten bat kendu izana eta EAJk PPtik boto erabilgarriren bat jaso izana? Beharbada bai, baina zaila da esaten, herritarrek, eta hau nire inpresio pertsonala da, modu askeagoan jokatzen dutelako bozkatzeko orduan duela urte batzuk baino, maila lokalean behinik behin.
Ez nuke amaitu nahi historiari begiradatxo bat bota barik. Zurrunbiloaren barruan gaudela, komeni da-eta batzuetan geratu eta perspektibaz ikustea gauzak. Eta hogei urte atzera bagoaz, ez oso urrunera beraz, eta udal panorama politikoari so egiten badiogu, ikusiko dugu zer nolako aldaketa gertatu den gure herrian; izan ere, 1995eko udal hauteskundeetan, UAk (bai, jaun-andreok, Unidad Alavesak) 47 boto izan zituen, EAk 122, HBk 131 besterik ez, PPk 210, eta EAJk 267. Atera kontuak. Ez da gutxi aldatu paisaia hogei urtean, ez horixe.