Pirinioetan bereziki maite dudan leku bat bada –seguru aski txikitako bizipenei esker eta goi mendian egin nituen lehenengo pausoak bertan izan zirelako-, hura Izabako ingurua da. Auñamendiek haien aurpegi malkartsuena erakusten hasten diren Nafarroa eta Zuberoa arteko bazter horretan daude gure mendi garaienak: Hiru Erregeen Mahaia, Ukerdi, Lakora… leku berezia da hortaz Erronkari ibarraren iparraldea, eta gutxi izango dira azken hogei urteotan, udan zein neguan, handik egun batzuk eman ez ditudan urteak.
Otsailaren 21 eta 22ko asteburuan bertara itzultzeko aukera izan dut, oraingoan Artziniegako Ganzorrotz mendi taldeko nire kide eta lagun Xabier Ortiz de Zaraterekin, Bandres-Karolo mendi-eski lasterketan parte hartzeko. Lasterketa hau Euskal Herrian egiten den mendiko eski proba bakarra da eta 2012tik jokatzen da Izaban, euskal mendi-eskiaren bultzatzaile izandako bi pertsonen omenez: Antxon Bandres tolosarra eta Carlos Imirizaldu “Karolo” noaindarra. Noaingo mendi taldeak antolatzen du Euskal Mendizale Federazioaren laguntzaz eta Euskal Herriko txapelketa ere bada Bandres-Karolo memoriala.
“Zer ote da mendi-eskia?” galdetuko duzue batzuek. Agian baten batek gaztelaniaz esquí de travesía irakurrita argituko du zalantza, eta bestela hau da, labur esanda: mendi elurtuetan igo eta jaisteko, ahal dela, eskiak baliatzen dituen kirola. Beste herrialde batzuetan “eski-alpinismoa” ere esaten zaio. Mendi-kiroletako gainerako modalitateak lez, loraldia ari da bizitzen gurean zein mundu zabalean azkenaldian. Hala, gero eta gehiago dira neguan eskiak hartuta gora eta behera dabiltzanak, tartean gure eskualdeko mendizale ugari. Loraldi hori lasterketetan ere islatzen da, nahiz eta parte-hartzaile kopurua ez den iristen mendiko lasterketa arruntetan izaten diren zifra astronomikoetara; Izaban esaterako 150 bat lagun batu ginen.
Aurtengo negua hotza ari da izaten -Aiaraldean bertan eskiatzeko aukera izan dugu- eta Izaban ere elurretan eman zuen asteburua. Ibilbideak egoera horren arabera moldatu zituzten, mendi-eskian beti segurtasuna lehenetsi behar delako eta elur-jausi arriskua saihestu. Proba hauetan ohikoa den lez, bi egunetan jokatu zen: zapatuan krono igoera Izabako plazatik Saitsederra mendiraino, eta domekan Belaguako ibarreko baso eta larretan barrena 20 km-ko lineako proba. Mendi garaietara igo gabe ibili ginen beraz, borden paretik eskiatzen, pago eta izei zurien azpitik, maldan gora haginak estututa, elkarri animoak ematen... eta batez ere mendiaz gozatzen.
Hurrengo hitzordua martxoaren 14an dugu Picos de Europan, penintsula osoko zeharkaldirik klasikoenean: Andres de Regil kopako 40. edizioa. Bestelako parajeak, bestelako mendi batzuk, baina kirol honekin gozatzen segitzeko gogo berbera.