Domeka honetan “Museo Bizia” ekimena egingo da Artziniega Museoan , galdurik edo galbidean dauden lanbide eta jarduerak erakusteko asmoz.
Artziniega Museoak bizia hartuko du domekan, azaroak 11, Artea etnografia elkarteak antolatzen duen “Museo Bizia” ekitaldiari esker. Ekitaldi honen helburua, arduradunen esanetan, “iraganeko bizitzeko erak islatzea” da, eta horretarako herriko eta eskualdeko artisauen laguntza izango dute. Hala, ehungintza, eztigintza eta gaztagintzaren prozesua erakutsiko dute, arotza, errementaria eta errotariaren lanaren nondik norakoak azalduko dituzte eta baserriko abereak eta lanak ikusteko aukera izango da. Bestelako jarduera “modernoagoak” ere biziberrituko dituzte, hala nola musoeko denda, eskola eta musika-banda.
“Museo Bizia” ekimena goizeko 11:00etan hasiko da eta hiru ordu iraungo ditu. Arte Etnografia Elkarteak dei egin die artziniegarrei eta bisitariei bertara joateko, ohitura tradizionalak bizitzeko eta sentitzeko aukera paregabea da eta.