aiaraldea.eus

Juan Carlos García eta Loli Benítez nagusi Arrankudiaga-Zolloko trail lasterketan

Erabiltzailearen aurpegia Xabi Zalbide   Kirola
Juan Carlos García eta Loli Benítez nagusi Arrankudiaga-Zolloko trail lasterketan

Eguraldi makurrari aurre eginez, 123 kirolari batu ziren atzo Arrankudiaga-Zolloko trail lasterketaren I. edizioan. Gizonezkoetan Juan Carlos García Blázquez orozkoarra nagusitu zen, 47'24''ko denborarekin; emakumezkoetan, berriz, Loli Benítez bilbotarra sailkatu zen aurreneko lekuan.

Eguraldi makurrari aurre eginez, 123 kirolari batu ziren atzo Arrankudiaga-Zolloko trail lasterketaren I. edizioan. Gizonezkoetan Juan Carlos García Blázquez orozkoarra nagusitu zen, 47'24''ko denborarekin; emakumezkoetan, berriz, Loli Benítez bilbotarra sartu zen aurreneko lekuan.

Atzoko euriak eta hotzak ez zituen kirolariak  kikildu eta gehienek ez zuten hutsik egin Arrankudiaga-Zolloko trail lasterketaren lehenengo edizioaren irteeran. Internet bidez egindako izen-ematean plaza guztiak bete ziren arren (150 ziren guztira), azkenean 123 kirolari abiatu ziren Elexaldeko plazatik goizeko hamaiketan, 6 gradurekin, 10 kilometro luze zituen ibilbideari ekiteko. Horren aurretik txikientzako eta gazteentzako krosak egin ziren plaza inguruan, eta ume eta gaztetxoak (eta guraso asko) ondo busti ziren euripean. Nagusien txanda heldu zenean, ostera, ateri zegoen eta hala eutsi zion ia-ia lasterkari guztiak helmuga zeharkatu zuten arte.

Lasterketa, espero zitekeen bezala, arin joan zen Zollo inguruko basabide eta bideetatik barrena, eta berehala hautsi zen aldats gora. Ez zen ustekabe askotarako tarterik izan eta lehen sailkatuak berehala nabarmendu ziren lehen kilometro lokaztuek eta Ustarako aldats pikoak egindako hautaketari esker. Ustaratik aurrera errepidetik Zollo-Elexaldera heldu zen lasterketa, eta hortik 5 kilometroko jaitsiera baino ez zen falta helmugaraino, nahiz eta azkenaurreko kilometroan gorantzako koska batek korrikalarien zangoak ederto astindu zituen. Arrankudiagako plazara Orozkoko Juan Carlos García Blazquez bakarrik sartu zen, 47 minutu eta 24 segundotan. Haren ostean Asparrenako Jesús Martínez Urra sartu zen ia minutu bat geroago 48'19''-ko denborarekin, eta hirugarren postuan Juan Antonio Gutiérrez bilbotarra heldu zen  49'07''-ko denborarekin. Emazkumezkoen kategoriari dagokionez, Bilboko Loli Benítezek egin zuen denborarik onena 57 minutu eta 4 segundotan bete baitzuen ibilbidea. Podiumean Maribel Santamaría bilbotarra eta Miren Bergara sestaoarra izan zituen lagun. Aritz Leturiagak eta Ixone Mendibilek ere saria jaso zuten, bertoko lehen sailkatuak izan ziren eta.

Antolatzaileentzat lehen edizio hau esperientzia polita izan da eta beharrean ibili direnak pozik agertu dira egindako lanaren emaitzarekin. Parte-hartzaileen artean ere iritzi onak ziren nagusi, bai ibilbideari dagokionez bai antolatzaileen lanari dagokionez ere.

sailkapena HEMEN ikusi dezakezue

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa