Gaizka Barañano amurriarra Chamonixen dago ‘Ultra Trail du Mont Blanc’ proban parte hartzeko

Erabiltzailearen aurpegia Xabi Zalbide 2012ko abu. 30a, 08:00

‘Txapel’ munduko mendi-lasterketarik ospetsuenean izango da lehen aldiz. Urteko erronkarik handiena da berarentzat, Anetoko ultra trailean 4. postuan sailkatu eta aurtengo beste hainbat probatan aurre-aurrean ibili ondoren.

‘Txapel’ munduko mendi-lasterketarik ospetsuenean izango da lehen aldiz. Urteko erronkarik handiena da berarentzat, Anetoko ultra trailean 4. postuan sailkatu eta aurtengo beste hainbat probatan aurre-aurrean ibili ondoren.

Mendi-lasterketen munduan Mekarik badago, hura Mont Blanc-eko ultra traila da. Dena dauka Chamonixeko lasterketak: Europako mendirik altuenaren oinetan jokatzen da hiru herrialde zeharkatuz, munduko onenak joaten dira, milaka zale biltzen ditu… benetako ikuskizuna da, azken finean, mendi-lasterketari gehienen ametsa. Bada hain zuzen ere hantxe dago Gaizka Barañano ‘Txapel’ amurriarra, bihar 18:30ean lasterketari ekiteko prest.

Barañanok bere blogean adierazi duenez, bere asmoa “esperientziaz gozatzea” da, eta uste du “amaitzea benetako arrakasta izango dela”. Zuhur agertu da amurriarra, normala denez, ikusteke dago zein maila eman dezakeen horren moduko proba luze batean, tartean faktore asko baitago (elikadura, lesioak, eguraldia…), baina egia da era berean  Gaizkak goranzko progresio itzela daramala mendi-lasterketen munduan hasi zenetik eta, oraingoan lortzen duen emaitza gorabehera, ez dela makala Amurrio Trail Taldeko kirolariak aurten egin duen denboraldia: 4. Hiru Handiak proban, 4. uztailean jokatutako Anetoko ultra trailean... gutxiren eskura dauden markak.

UTMB probari berari dagokionez, 2003. urtean hasi zen jokatzen eta Europako mendi-lasterketarik gogorrena da, askoren esanetan. Ezaugarri teknikoei dagokienez, guztira 168 km ditu eta 9.600 metroko desnibela gainditu beharra dago. Berez hori nahikoa da probaren gogortasunaz jabetzeko, baina kontuan izan behar dugu irteera 1.050 m-tan dagoela eta ibilbideko punturik altuera (Grand Col Ferret), 2537 m-tan. Parte-hartzaileek 48 orduko epea daukate ibilbidea burutzeko, baina onenek askoz gutxiago behar izaten dute; iazkoan, adibidez, Kilian Jornet kataluniarrak 20 ordu eta 36 minutu behar izan zituen, eta Iker Karrera amezketarra bigarren sailkatu zen 20 ordu 45 min eta 30 segundoko denborarekin. Hain zuzen ere, Jornetek huts egingo duenez, Karrera da aurtengo faborito nagusia. Guztira 2.300 lasterkari lehiatuko dira, antolakuntzak muga hori ezarria duelako.

Esan bezala, proba bihar barikuan hasiko da, arratsaldeko 18:30ean Chamonixeko herrigunetik. Web ofizialaren bidez eta sare sozialen bidez lasterketaren jarraipena egin ahal izango da, eta Gaizkaren blogean ere (mendikolasterketak.blogspot.com) horren berri emango dute bere taldekoek.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide