Jaiak hasteko prest

Erabiltzailearen aurpegia Xabi Zalbide 2012ko abu. 31a, 08:00

Gaur 21:00etan Artziniegako Txirrindularitza Elkarteko kideen pregoiak zabalduko du jaietako txanpa. Diru-murrizketak gorabehera, aurreko urteetako ekitaldi gehienak mantendu dira.

Gaur 21:00etan Artziniegako Txirrindularitza Elkarteko kideen pregoiak zabalduko du jaietako txanpa. Diru-murrizketak gorabehera, aurreko urteetako ekitaldi gehienak mantendu dira.

Irailarekin batera hemen ditugu berriz ere Artziniega hamar egunez astintzen dituzten jaiak. Ekitaldiak 18:30ean hasiko dira frontenis txapelketarekin eta 21:00etan txirrindularitza elkarteko kideek irakurritako pregoiak eta ondorengo txupinak emango die hasiera ofiziala jaiei. Horren aurretik, kuadrillak 20:00etan bilduko dira Goiko Plazan zurrakapotea edateko eta Builaka taldearekin batera kalejira egiteko. Horren ondoren, gastronomiaz, kirolaz, umeentzako ekintzez eta musikaz beteriko hamar egun etorriko dira. Ekitaldi gehienak, dena dela, bi asteburuetan pilatzen dira, nahiz eta astegunetan ere ekitaldiak dauden, batez ere txikientzat.

Musikari dagokionez, aste honetako zapatua izango da egunik eta indartsuena, Sotano 54, Hesian eta Priscilla Band taldeen kontzertuarekin. Gainerakoan, gaur Izargi taldea arituko da, eta bigarren asteburuan Akerbeltz eta Arizgoiti. Viento de Locos folk taldea ere arituko da bigarren barikuan, Vital Kutxak antolatutako kontzertu batean.

Aurreko lau urteetan bezala, kuadrillen arteko txapelketa bat jokatuko da. Horretarako, zazpi proba izango dira baliagarri: dagoeneko benetako tradizioa den bonbona-lasterketa, “iturritik iturrira” kronoigoera (sailkapen arrunta eta mozorroak), playbacka, tortilla-lehiaketa, azken domekako soka-tira eta argazki lehiaketa.

Azkenik, aipatu beharra dago aurten, eta beste urte batez dirua murriztu behar izan den arren, herritarren inplikazioari esker programako ekitaldi gehienak mantendu direla eta beste batzuk berreskuratu edo txertatu dira, hala nola jaietako argazki-lehiaketa edo lehen zapatuko bertso-saioa, herri bazkariaren barruan egingo dena.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide