Ekitaldiz beterik dator Amurrioko mendi-lasterketa

Erabiltzailearen aurpegia Xabi Zalbide 2012ko eka. 22a, 08:00

Larunbatean jokatuko da Amurrioko lehenengo mendi-lasterketa, Amurrio Trail Taldeak antolatuta. Lasterketaz gain, gaur berbaldia egongo da kultur etxean 19:00etan, eta zapatuan bertan beste hainbat jarduera izango dira lasterketarekin batera.

Larunbatean jokatuko da Amurrioko lehenengo mendi-lasterketa, Amurrio Trail Taldeak antolatuta. Lasterketaz gain, gaur berbaldia egongo da kultur etxean 19:00etan, eta zapatuan bertan beste hainbat jarduera izango dira lasterketarekin batera.

Gauza jakina da mendi-lasterketek azken urteotan gorakada handia izan dutela; esan liteke kirol-diziplina hau “loraldia” ari dela bizitzen. Horren erakusgarri da hain zuzen ere gure eskualdean jokatuko den lehenengo probak, Amurrioko Trail Lasterketak, eragin duen ikusmina. Proba duela hilabete gutxi sortutako Amurrio Trail Taldeak antolatzen du eta lehenengo edizio honetan dagoeneko Arabako Mendi Lasterketen Txapelketarako jokaleku izango da. Parte-hartzea handia izatea espero da, antolatzaileen arabera berrehundik gora lagunek izena eman duelako.

Ibilbideari dagokionez, guztira 29 kilometro izango ditu eta pilatutako desnibela 2.824 metrokoa izango da. Ez da oso lasterketa luzea gaur egungo estandarretarako, baina bai nahikoa gogorra; izan ere, korrikalariek Amurriotik bertatik abiatu eta Iturrigorri edo Tologorri mendiko tontorreraino igo beharko dute. Bidean, Babio mendira igoko dira (4,8 km) eta handik, Belandia eta Agiñagatik pasatuz, Menerdigako atakara joango dira (14,5 km). Bertan tarteko helmuga egongo da eta handik pasatzen den lehenak saria jasoko du. Menerdigatik zuzenean joango dira Tologorriko tontorreraino (1,7 km eta 1.068 m) eta berehala beherantz hasiko dira, “Senda Negra” izeneko bide ikusgarritik Lendoñogoitira jaisteko eta handik, Mendeika herria zeharkatuz, Burubio mendira igo eta Amurriora itzultzeko. Ibilbidean hiru hornidura-puntu egongo dira: Babion (likidoa), Agiñagan (solidoa) eta Iturrigorriko atakan (solidoa). Helmugan ere jatekoa eta edatekoa egongo da parte-hartzaileentzat, bai eta umeentzako gaztelu puzgarriak eta bertoko produktuen eta kirol produktuen azoka.

Esan bezala, beraz, lasterketaren harira hainbat ekitaldi eta jarduera egingo dira, eta hasteko, gaur bertan, arratsaldeko 19:00etan mendi-lasterketen gainko berbaldia emango dute kultur etxean Javi Olabarriak eta Asier Irazabalek. Olabarria orozkoarra gure eskualdeko mendi-lasterketari ospetsuena da, eta besteak beste 3. postua lortu zuen iazko munduko kopan eta Galarleiz maratoia irabazi zuen 2010ean; ibilbide luze eta oparoa du lasterketen munduan. Asier Irazabalek ere ibilbide luzea du, eta hainbat erronka burutu ditu: Mont Blanc-eko ultrataila, Piriniotako eta Picos de Europako hiru mendi altuenak batzea eta abar.  Biak dira euskal selekzioko kideak.

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide