Apurka-apurka bertsolaritzarako afizioak bere lekua hartzen dabil Artziniegan. Horren erakusgarri da museoko aretoan bihar, hilak 13, egingo den bertso-saioa. Ekitaldia Arabako Bertsozale Elkarteak antolatzen du, eta ekimena azkenaldian bertsolaritza lantzen jardun duen berbalagun talde batetik sortu da. Ekimen horri esker, eskualdeko hiru bertsolari, Izar Mendiguren eta Iñaki Cabeza laudiarrak eta Unai Mendibil amurriarra, Iñaki Viñaspre gasteiztarrarekin batera arituko dira bertsotan arratsaldeko 19,30etik aurrera. Gai-jartzaileak Nekane Aginako eta Oihane Rodríguez izango dira.
Aukera egokia dute, beraz, zaletuek zein jakin-mina duen edonork, bertsolaritza bertatik bertara ikusteko eta bat-batekoaren artista hauen lana ezagutzeko.