"Potentzia handiek posizioak hartu dituzte mundu arabiarrean euren nagusitasuna berrezartzeko"

Erabiltzailearen aurpegia Xabi Zalbide 2012ko ots. 27a, 09:05

TERESA ARANGUREN kazetariak (Artziniega, 1944) 30 urte baino gehiago eman ditu gerra-gatazketan informatzaile gisa , batez ere ekialde hurbilean (Palestina, Libano, Golkoko Gerra). Balkanetako gerran ere egondakoa da. Palestinarren eskubideen defendatzaile sutsua da, eta horren inguruko bi liburu argitaratu ditu: Palestina : El hilo de la memoria eta Olivo Roto: Escenas de la ocupación. RTVEko administrazio-kontseiluko kide ere bada, IUk hala proposatuta. Larunbatean hitzaldia eman du Artziniega Museoan “gerrako berri-emaileak” izenburupean.

TERESA ARANGUREN kazetaria (Artziniega, 1944) 30 urte baino gehiago eman ditu gerra-gatazketan informatzaile gisa , batez ere ekialde hurbilean (Palestina, Libano, Golkoko gerra). Balkanetako gerran ere egondakoa da. Palestinarren eskubideen defendatzaile sutsua da, eta horren inguruko bi liburu argitaratu ditu: Palestina : El hilo de la memoria eta Olivo Roto: Escenas de la ocupación. RTVEko administrazio-kontseiluko kide ere bada, IUk hala proposatuta. Larunbatean hitzaldia eman du Artziniega Museoan “gerrako berri-emaileak” izenburupean.

"Gerrako berri-emaileak izan da larunbatean Artziniegan eman duzun hitzaldiaren izenburua. Titulu generiko horren atzean, zer da zehazki entzuleei helarazi diezuna?

Izenburua “gerrako berri-emaileak” den arren,  egia esan nire asmoa ez da izan gerra-inguruetan aritzen diren kazetariei buruz, gerra horiek pairatzen dituzten pertsonei buruz baizik.  Niretzat gerra-informazioa horixe da, geratzen dena kontatzea pairatzen duen jendearekin, kontatzea misil bat ez dela zeruan dagoen argi bat, baizik eta gorpu kiskaliak bonba jausten den lekuan. Nik asko ikasi dut Palestina, Libano edo Irakeko herritarrekin izan dudan harremanetik… besteak beste, ezberdintasun kulturalak gorabehera, antzekoagoak garela ezberdinak baino. Nahiz eta sarritan estereotipo eta aurreiritziek hori ikusten uzten ez diguten.


· Uste dut Artziniegan ematen duzun lehenengo hitzaldia dela, berezia al da zuretzat?

Jakina. Txikitatik Madrilen bizi izan naizen arren, nire familiak Artziniegarekin izan dituen loturak sendoak izan dira beti. Eskolak amaitu eta hurrengo egunean etortzen ginen gu, eta orduan oporrak ekainetik urrira bitartekoak ziren. Nire umezaro eta gaztaro osoa Artziniegako uda luze horiekin lotuta dago. Mendira joatea dut gogoan, erromeriak, frontoian jolastea… nola edo hala ezin naiz egon denbora luzean hona etorri gabe, udaro etortzen naiz.  

· Zein da mundu arabiarrarekin izan zenuen lehen kontaktua eta zerk eragin zuen harreman estu hori?

81. urtean nire senarrarekin joan nintzen Jordaniara, berak espainiera-irakasle lanpostua lortu baitzuen Irbideko unibertsitatean, Jordaniako bigarren hirian, Orduan Palestinako errefuxiatuen munduarekin lehenengo kontaktua izan nuen, zenbait erreportaje idatzi nuen "Calle" eta "Mundo Obrero" aldizkarietarako. Espainiari itzuli ginenean, gai arabiarrei buruz idazten jarraitzeko enkargua eman zidaten. Ondoren, Beirutera bidali ninduten Israelek Libano inbaditu zuenean, 1982an. Niretzat Beirut mugarri bat izan zen, mundu arabiarrarekin izan dudan lotura, eta bereziki ekialde arabiarrarekin, hortik dator.

· Gatazka belikoetan berri-emaile modura 30 urte eman eta gero, zein izan da gehien markatu zaituen esperientzia?

Zalantza barik Beirut, 1982ko udan Israelgo armadak setiatu zuen Beirut hura. Han ikusi nituen lehenengoz fosforo-bonbei zauritutako pertsonak, eta zer esan nahi duen airetik hiri bat bonbardatzeak. Gerra-makinaria oso baten izugarrikeria babesgabeko herritar batzuen aurka. Gizaki batzuen erresistentziarako gaitasuna eta duintasuna ere ikusi nuen.

· Okupazioa eta Palestinako herriak bere eskubideen alde duen borroka hain hurbiletik ezagututa, baikor izateko arrazoiak daude?

Ez, ezin da esan baikorrak izateko arrazoirik dagoenik, baina uste dut badaudela arrazoiak itxaropena alde batera ez uzteko. Egia da nazioarteko komunitateak Israel nazioarteko legeak betearazten ez dion bitartean, okupazioa amaiarazteko asmorik ez dagoen bitartean –eta hori oso urrun dago- egoerak okerrera egingo duela egunetik egunera. Baina palestinarrek bertan daude, jazarrita, umiliatuta, okupazio militar bortitz baten oinpean bizi dela, baina eutsi eta irauteko gaitasun itzelarekin. Itxaropena alde batera uztea, eurak alde batera uztea da.

· “Udaberri arabiarra” izenekoa albiste izan da hainbat hilabetetan. baina hedabideek marrazten diguten horren atzean, zer da benetan gertatu dena? Nola interpretatu behar da ekarri ei duen goraldi islamista?

Garrantzitsuena da kontua izatea Tunez eta Egipton gertatu dena –eta horretan geratzen naiz, Libiako kontuak ñabardura asko behar ditu eta- azken hamarkadetako gertakaririk nabarmenetarikoa dela. Herritarrak altxatu eta matxinatu dira, eta hau ez dugu ahaztu behar, Estatu Batuen eta Ekialde osoaren babesa zuten diktaduren aurka. Eta irabazle atera dira, hamarkada luzetan martxan egon den menpekotasun post-kolonialeko eta burujabetasunik ezako statu quo bat hautsi egin dute. Horrek ez du esan nahi den-dena arrosa-kolorekoa denik; beste edozein fenomeno sozialetan bezala faktore ugari dago tartean, indar askatzaile eta erreakzionarioak, barrukoak eta kanpokoak. Mugimendu islamisten indarra kezkatzekoa da, baina ulergarria aldi berean. Nire ustetan are kezkagarriagoa da nola potentzia handiek, Frantziak, Inglaterrak eta, noski, Estatu Batuek, berriro ere posizioak hartu dituzten mundu arabiarrean nagusitasuna eskuratzeko.

· RTVEko kontseiluko kide ere bazara eta Telemadriderako egin duzu lan. Orduko batzuetarako emango lukeen galdera den arren, laburbilduz, nola ikusten duzu komunikazioaren panorama Espainiako estatuan?

Arrazoi duzu, horrek hitzaldi oso batera emango luke. Esaldi bakar batean esan dezaket: “Arriskuan”.


LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide