Arabako sindikatuek mobilizazioak hasi dituzte metalgintzako hitzarmenaren alde

Erabiltzailearen aurpegia Xabi Zalbide 2011ko aza. 22a, 11:33

Pasa den astean giza-katea egin zuten ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek industrialdetik Lamuza plazaraino. Argitara eman duten idazki batean SEAri hitzarmena blokeatzea leporatu diote eta hiru konpromiso jakinarazi dituzte.

Pasa den astean giza-katea egin zuten ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek industrialdetik Lamuza plazaraino. Argitara eman duten idazki batean SEAri hitzarmena blokeatzea leporatu diote eta hiru konpromiso jakinarazi dituzte.

Arabako metalgintzaren hitzarmen kolektiboak aurrera egin ezinik jarraitzen du. Sindikatu eta SEA patronalaren arteko negoziazioak ez du oraindik fruiturik eman, eta langileen ordezkariek mobilizazioak egiteko asmoa agertu dute. Hala, ostiralean giza kate bat egin zuten Laudion, industrialdetik Lamuza plazaraino.

Sindikatuek, plazaratu duten idazki baten bidez, egoeraren inguruan egiten duten balorazioa jakinarazi dute, eta argi utzi gura izan dute “SEAk hasieratik izan duen asmoa Arabako hitzarmena desagerraraztea izan dela”. Hori dela eta, mahaia osatzen duten sindikatuek “ekintza-batasuneko jokabide bat” adostu dute. SEAk egindako hitzarmen-proposamenari dagokionez, uste dute ez daukala “negoziaziorako tarterik”, eta dei egin diete langileei “mobilizatzeko”, baldin eta “gure hitzarmenari eutsi nahi baldin badiogu”. SEAk, sindikatuek esandakoaren arabera, “3 urteko hitzarmena nahi du, soldata-igoerarik gabe eta 15 ordu gehiagoko lanaldiaz”. Horrez gain, salatzen dute SEAk adierazi duela “soldatetan igoerarik izatekotan, KPIrekin lotzea baino, enpresa-etekinekin lotu beharra dagoela”. Gogorarazi gura izan dute, era berean, “Arabako Hitzarmenaren edukiak apalak direla, Euskal Herriko gainerako lurraldeetan dituzten edukien aldean”.


Horregatik, mahaiko lau sindikatuek “ekintza-batasunean jardutea” erabaki dute, hiru konpromiso “ardatz harturik”: lehenengoa, ez dutela akordiorik sinatuko, baldin eta alderdi sozialaren gehiengoa aldekoa ez bada; bigarrena, ez dutela akordiorik berretsiko, baldin eta oraingo eskubideetan atzera egitea badakar; eta hirugarrena, Arabako hitzarmenaren alde egingo dutela, beste edozein negoziazio-esparruren gainetik.

Orain arte, egindako mobilizazioez gain, herrialdeko manifestazio nagusi bat deitu dute abenduaren 16rako Gasteizen.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide