"Beti egin nahi izan dut pelikula bat, eta orain indarrez sentitzen nintzen. Unea zen".

Erabiltzailearen aurpegia Xabi Zalbide 2011ko urr. 21a, 09:19

DAVID GAMBOA ORTUZAR (1980)

Artziniegako zine-zuzendari gaztea “Las noches que mirábamos al cielo”, bere lehenengo film luzea, errodatzen dabil egunokaz. Hilabete pasatxo daramate herrian eta inguruetan euren ametsak egia bihurtzen ikusten duten bi lagunen istorioa filmatzen. Datorren urtearen hasiera aldera amaitzea espero du Davidek, eta oso pozik agertu da orain arteko lanarekin. Beregana jo dugu esperientzia honetaz gehiago jakitearren.

DAVID GAMBOA ORTUZAR (1980)

Artziniegako zine-zuzendari gaztea “Las noches que mirábamos al cielo”, bere lehenengo film luzea, errodatzen dabil egunokaz. Hilabete pasatxo daramate herrian eta inguruetan euren ametsak egia bihurtzen ikusten duten bi lagunen istorioa filmatzen. Datorren urtearen hasiera aldera amaitzea espero du Davidek, eta oso pozik agertu da orain arteko lanarekin. Beregana jo dugu esperientzia honetaz gehiago jakitearren.

“Las Noches que mirábamos al cielo”… zein da begiratzen genuen zeru hori eta zer bilatzeko?

Hara, ematen du elkarrizketak egitea ez dela zirudien bezain erraza… “Las noches que mirábamos al cielo” ametsei buruz hitz egiten duen film bat da, eta nola amets horiek, sarritan egia bihurtzen diren.

Istorio honetako pertsonaia nagusiak, Carlanga eta Jr, ufologiaren zale diren bi friki dira. Herri txiki batean bizi dira (Artziniega) eta halako batean, gau batez, OHE (objektu hegalari ezezagun) bat ikuskatzen dute. Betidanik amestu duten hori aurrez aurre daukate orain, eta gertakari hori mugarri izango da euren bizitzetan. Amets egitetik, ametsa bizitzera pasatuko dira.

Filmaren izenburuak ameskeriaren oroipen hori ekarri nahi du gogora, etorkizuneko aukerez hausnarrean gozatzen diren momentuena, eta nola une horien ondoren beste egoera batera pasatzen garen, ez hobea ez txarragoa, beharbada praktikoagoa: oraina. Batzuetan, orainera heltzean, amestutako lagun zahar baten tankera hartzen diogu.

Eta orain, galdera zehaztuz eta ikuspuntu pertsonaletik, esango dut begiratzen eta bilatzen nituen zeruak una honetan gainean ditudala. Egon behar duzun lekuan zaudela sentitzen duzun momentu itzel horietako bat da, oraina ametsa izan zela eta gaur egun bertan bizi zarela. 

Eta te berde bat hartzearen ondorioz –hala espero dut- bota dudan txaplataren ondoren, uste dut beharrezkoa dela esatea pelikula komedia bat dela. Zin dagit.

 

Dirudienez, Artziniegari eta bertoko jendeari protagonismo handia ematea erabaki duzu, ezta?

Hala da. Ia nire bizitza osoa eman dut Artziniegan, munduan ondoen ezagutzen dudan lekua da, uste dut leku ikaragarri polita dela, eta, batez ere, egunak eta egunak eman ditut bere kaleetan barrena ametsetan. Artziniegak protagonismo handia du nire bizitzan... suposatzen dut bakoitzak zenbait gauzatan amore ematen duela, eta nik Artziniegari oso barruan sartzen utzi diot. Gainera, praktikotasunera etorriz, hau da oso aurrekontu apala duen pelikula bat, oso-oso apala, eta gakoetako bat da eskura dugun hori baliatzea. Egia esan, zorte handia izan dugu eskura dugunarekin.

Beste aldetik, herriko bizilagunek dena eman dute proiektuaren alde eta laguntza handia ematen ari dira (eskerrik asko!). Beraz, bai Artziniegaren bai artziniegarren protagonismoa erabat merezitakoak dira. 

 

Zer dela eta erabaki duzu film luzerako jauzia ematea?

Beti egin nahi izan dut pelikula bat, eta orain indarrez sentitzen nintzen, laguntzen didaten pertsonak dauzkat ondoan, eta baliabide materialak neuzkan egiteko. Unea zen, zalantza barik.  

Zer moduz doa errodajea? ustekaberik?

Errodajea ezin hobeto doa. Pelikularen erdia baino gehiago grabatu dugu dagoeneko eta emaitzak oso onak dira. Ustekaberik? Tira, edozein errodaje, berez, ustekabe bat da: dela aktore bat gaixorik jartzen dela (gertatu zaigu), dela laino bat dagoela bizirik dauden meteorologo guztiek eguzki borobila iragarri arren (hau ere gertatu zaigu), dela estralurtarrak gurekin hitzordua egin eta eskegita uzten gaituztela, 3Dk dena egin dezakeelako aitzakiarekin (hau ere gertatu zaigu). Ustekabeko kontuak egunero gertatzen dira, baina horretarako daude larrialdi-planak, oso gauza garrantzitsua.

Dena ondo bidean, noizko aurreikusten duzu dena prest eta montatuta izatea?

Gure kalkuluen arabera, otsail edo martxorako dena prest egongo da.

Zer promozio-lan egingo duzue?

Gure protagonistetako batek beti egin izan du amets borragoma batean zizelkatua izatearekin, baina 90. hamarkadaren hasieran sagu mosketeroekin antzeko zerbait egiten zuen patata frijituen marka ezagun batekin hitz egin ondoren baztertu egin dugu. Baditugu ideia batzuk: metxeroak, kamisetak edo giltzarriak egitea… bai eta Internet eta komunikabideak baliatzen jarraitzea. Facebooken orrialde bat sortu dugu (www.facebook.com\lasnochesquemirabamosalcielo), eta bertan pelikulari buruzko argazkiak eta iruzkinak igotzen ari gara. Laster bideoak ere igoko ditugu, prozesuan lanean ari garen guztiok hitz egiteko. Bide batez, irakurle guztiak animatu nahi ditut babesa emateko orrialdean “atsegin dut” sakatuz (eskerrik asko!).

Ondoren, pelikula amaituta, dauden eta egongo diren jaialdi guztietara bidaliko dugu, eta gainontzekoa etortzeke dago.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide