Atzotik 36 metroko pasabide bat dago Luiaondon, erreka zeharkatuz, Lekubatxe deritzon lekuan. Garabi handi bat erabiliz jarri zuten atzo goizean, Nerbioiko Parke Linealaren Luiaondo eta Markixana bitarteko bizikleta-pasealekua egiteko obren barruan. Hala, Luiaondon egitekoak diren lanak oso aurreratuta geratzen dira, herri barrutik Otatzuko zubitik Zubibarriraino doan bidea ere ia burututa dago eta. Ondoren, Markixanarainoko tartea egingo da eta urte amaierarako Amurrioko Salbio auzoraino doan tarteari ekitea aurreikusten da.
Lanok Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak zuzentzen ditu eta erdibana finantzatzen dituzte Sailak eta Arabako Foru Aldundiak. Amaitzen denean, Nerbioiko Parke Linealak 33 kilometro izango ditu, Delikatik Arakaldoraino, eta lurralde-ekipamendu gisa jasota dago, trenez ere iristerraza izango delako.