Aretako Fabian Legorburu eskolako ikasleek “Gerardo López de Guereñu” saria irabazi dute

Erabiltzailearen aurpegia Xabi Zalbide 2011ko eka. 28a, 09:17

Arabako Foru Aldundiak lehen aldiz eman du sari hau, hizkuntz ondarearekin lotutako lanak ikasleen artean sustatzeko. Trebiñuko eskolak bigarren saria jaso du.

Arabako Foru Aldundiak lehen aldiz eman du sari hau, hizkuntz ondarearekin lotutako lanak ikasleen artean sustatzeko. Trebiñuko eskolak bigarren saria jaso du.

Aretako eskolako 5. eta 6. mailako ikasleek Areta eta inguruetako hizkuntz ondareari buruzko lan batekin irabazi dute Gerardo López de Guereñu Sariaren lehenengo edizioa. Sari horrek Arabako etnografia, folklore eta toponimiari buruz lan ugari egin dituen izen bereko etnografoa omentzen du. Era berean, euskarak Arabako gizartean izan duen presentzia ezagutzera emateko asmoz sortu da, bai hizkuntza ondareari buruzko lanen bidez (euskara gizartean, toponimian, gaztelanian utzi dituen aztarnak…), bai euskararekin zerikusia daukaten kontakizunak, bizipenak, esaerak, jolasak eta abar jasotzen dituzten lanen bidez.

Aretako ikasleek euren lanean -“Areta” izenekoa- herriko eta inguruetako hainbat leku-izen jaso eta haien jatorri eta esangurari buruzko jakingarriak eman dituzte. Bigarren saria, berriz, Trebiñura joan da, Lehen Hezkuntzako ikasleek egindako “Hiru tribu” lana sarituz. Azkenik, hirugarren saria Araiako eskolako ikasleek hartu dute, “Amamio” lanarekin.

Sariari izena ematen dion pertsonari buruzko datu batzuk ematea ere komeni da: Gerardo Lopez de Guereñu Galarraga (Gasteiz, 1904 - 1992) Arabako etnografian, folklorean eta toponimian ez eze historia eta argazkigintza arloetan be nabarmendu zen. Liburu eta artikulu sorta izugarria idatzi zuen herrialde honen inguruan eta horietatik Voces alavesas eta Toponimia alavesa seguido de Mortuorios o despoblados y pueblos alaveses nabarmentzen dira. Erdaraz idatzi bazuen ere, bere lanek duten garrantziagatik Euskaltzaindiak euskaltzain ohorezko izendatu zuen eta Arabako etnografiaren aitalehena dela esan ohi da.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide