Hogei auto aparkatzeko lekua dago, eta espaloi berria ere egin da Padurako zubitik geltokiraino tartean. Udalak alokairua ordainduko dio Adif-i lursail hori erabiltzeagatik.
Amaitu dira Luiaondoko tren-geltokiaren ondoan aparkalekuak egiteko h urte hasieran asi ziren lanak. Guztira hogei autorentzako lekua dago, eta horri esker Renferen aldirietako C3 linea erabiltzen dutenek autoa bertan utzi ahal izango dute. Horretaz gain, Padurako zubitik geltokiraino doan tartean ere atontze-lanak egin dira, espaloia konponduz eta argiak ipiniz.
Aparkalekuko lanak Aiarako udalak egin ditu, Adif-ekin hitzarmen bat sinatu ostean. Hitzarmen horren arabera, udalak urteroko alokairua ordaindu beharko dio Adif-i. Aiaran hauteskundeak irabazi dituen Bildu koalizioaren iturrien arabera, ostera, erabaki hori “okerra” izan da. Esan dutenez, obra “beharrezkoa zen”, baina lanok “Adif-ek berak egin behar zituen, inguruko beste geltoki batzuetan egin duen lez, geltokia eta ingurua konpontzearekin batera”. Bilduren ustez, “presio gutxi egin da eta azkenean Aiarako herritarrok ordaindu beharko dugu aparkalekua”.