Ekitaldia Astobitza Txakolinaren egoitzan izango da. Mapa hainbat urte batzuen eta lagun askoren ondorio da.
Ostiral honetan okondoarrek euren herriko ondare toponimikoa berreskuratu duen mapa eskuetan eduki ahal izango dute. Urte batzuk joan dira Felix Mugurutza Okondoko leku-izenak biltzeari ekin zionetik, eta bihar aurkeztuko den mapa lan horren emaitza da. Bertan, okondoar askoren ekarpena jasotzen da, eta azken hamarkadetan galbidean joan den ondare linguistikoa eta kulturala berreskuratzeko ezinbesteko tresna da. Mapa Eusko Jaurlaritzaren Lurralde Antolamenduko zuzendaritzak emandako diru-laguntzari esker inprimitu da.
Aurkezpen-ekitaldia Astobitza Txakolinaren egoitzan izango da arratsaldeko 19:00etan, eta bertaratutako guztiek maparen ale bana eta txakolin kopa bat jasoko dute. Aurkezpen eguna iragan eta gero, doan eskatu daitezke paperezko mapak udalerri horretako udaletxean. Bertsio digitala ere, eskuragarri jarriko da erakunde horren web orrian.