Jaurlaritzak laguntzarik eman ez arren, aldundiak eta udalak gasaren auzian aurrera egingo dute

Erabiltzailearen aurpegia Xabi Zalbide 2011ko mar. 28a, 09:46

Eusko Jaurlaritzari ‘eskuak garbitu izana’ leporatzen diote aldundiko arduradunek eta kaltetutako herrietako udalek. Ostiralean Artziniegan egindako bileran, Artziniegako alkateak erreklamazioak aurkezteak duen garrantzia nabarmendu zuen. Dagoeneko 150etik gora aurkeztu dira.

Eusko Jaurlaritzari ‘eskuak garbitu izana’ leporatzen diote aldundiko arduradunek eta kaltetutako herrietako udalek. Ostiralean Artziniegan egindako bileran, Artziniegako alkateak erreklamazioak aurkezteak duen garrantzia nabarmendu zuen. Dagoeneko 150etik gora aurkeztu dira.

Artziniegako alkate Agurtzane Llano eta Toki Administrazioko zuzendari Izaskun Martínez de Lahidalga jendaurrean agertu ziren ostiral arratsaldez, gasaren auzian emandako pausoen eta egindako gestioen berri emateko, eta Repsol zein Jaurlaritzarekin izandako hartu-emanak azaltzeko. Udalbatza-aretoa beterik egon zen, auzi honek ezinegon handia eragin baitu artziniegarren artean.

Hasieratik, Agurtzane Llanok kontsumoaren igoeraz udalean dituzten zalantzak agertu zituen; Alkateak esan zuen ‘gero eta konbentzituago’ dagoela ‘kalitate baxuko gasa’ hornitu dutela negu honetan, eta horregatik egin duela gora kontsumoak. Repsolek, bere aldetik, neguan egin ei duen ‘hotzari’ egotzi zion igoera hau, esanez batez besteko tenperatura ‘iaz baino bi gradu baxuagoa’ izan dela aurten, baina horren froga argirik eman barik. Alkateak gaineratu zuen dagoeneko 150 erreklamazio inguru jaso direla udaletxean, eta gehiago izatea espero duela.

Toki Administrazioko zuzendari Izaskun Martínez de la Hidalgak, berriz, aldundiak Repsolekin zein Industria Sailarekin egindako gestioak zeintzuk izan diren azaldu zuen. Adierazi zuenez, gas-kontsumoen gaian jarri dute arreta, ‘oso gauza arraroak’ gertatu direlako. Lehenengo eta behin, eta hainbat alkaterekin batu ostean, jarraipen-batzorde bat sortu zuten martxoaren hasieran, eta hilaren 4an bertan Industria Sailera jo zuen aldundiak, hura baita gasaren laginak baimen barik hartzeko eskumena duena, eta eskatu zion artean berriztatu bako gasa zuten bost biltegitan hala egiteko. Hasieran, eta berbaz, sailak batzordeak proposatutako laginak hartzeko prestutasuna agertu bazuen ere, egun horretan ez zen erantzunik egon, eta hurrengo asteko ostegunera arte ez zuten lortu Energia Zuzendariarekin hitz egitea. Laginak hartzeko prozesua luzatu egin zen, beraz, eta eskatutako bost biltegietatik bitan baino ez zen egin, nahiko ‘modu susmagarrian’, gainera. Hori eginda, Industria Sailak ‘itxitzat’ eman zuen auzia martxoaren 17an egindako prentsaurreko batean, eta aldundiari ‘alarma soziala’ sortzea egotzi zion, ‘oso erreklamazio gutxi’ zeudela argudiatuta. Martínez de Lahidalgal esan zuen, bere ustez,  Jaurlaritzak 'eskuak garbitu' dituela.

Industria Sailarekin zabaldutako bidea, hortaz, itxita geratu da. Hala ere, aldundiak laginak hartzeko prozesua ez zuen baztertu, eta EHUko laborategi batekin harremanetan jarri zen, nahiz eta ‘gero eta zailagoa’ den gas zaharra duten biltegiak topatzea, Repsol biltegiak albait arinen betetzeko lanetan ibili da eta. Kasu batzuetan biltegiak %66an daudela bete ditu, normalean %33an daudenean egiten bada ere.

Gauzak horrela, kaltetuek erreklamazioak egiten jarraitu dute, eta Artziniegan ez ezik, Zuian edo Maeztun ere ehunetik gora aurkeztu dira dagoeneko. Agurtzane Llanok bide horrek duen garrantzia nabarmendu zuen, eta adierazi zuen ikusita abonatu asko kexatu egin direla, Repsolek fakturen ordainketa zatitzea proposatu duela, eta konpromisoa hartu duela fakturak ordaindu ez dituzten abonatuei hornidura ez eteteko. Dena dela, argi utzi zuten euren asmoa ‘Repsol atzera egitera behartzea’ dela. Biek azaldu zuten ‘zaila dela’, Repsol konpainia handia delako eta kontsumoaren igoera gasaren kalitate eskasaren errua dela epaitegi batean frogatzea lanak emango dituelako. Hori dela eta, bide administratiboan ere aurrera egiteko borondatea berretsi zuten, eta azpimarratu zuten Kontsumo Sailean ahalik eta erreklamazio gehien aurkezteak duen garrantzia.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide