Eusko Jaurlaritzak Arabako gas-horniduraren auzia itxi egin du

Erabiltzailearen aurpegia Xabi Zalbide 2011ko mar. 22a, 09:18

Industria Sailak dio ez dela irregulartasunik antzeman, eta zerbitzua egokia izan dela, “eskakizun guztiak bete dituelako”. Esan duenez, “lagin independenteak” hartu ditu, eta, emaitzen arabera, “Repsolek hornitutako gasaren kalitatea egokia da”.

Industria Sailak dio ez dela irregulartasunik antzeman, eta zerbitzua egokia izan dela, “eskakizun guztiak bete dituelako”. Esan duenez, “lagin independenteak” hartu ditu, eta, emaitzen arabera, “Repsolek hornitutako gasaren kalitatea egokia da”.

Jaurlaritzaren erantzuna uste baino lehenago heldu da. Gasaren fakturaren auzia oraindik pil-pilean dagoela eta herritarrak euren erreklamazioak aurkezten dabiltzan bitartean, Industria Sailak gai honen harira egindako azterketen ondorioak plazaratu zituen hilaren 17an emandako prentsaurreko batean. Adierazi dutenez, “Eusko Jaurlaritzak sakoneko lana egin du, gasaren fakturan eragiten duten parametro guztiak egiaztatzeko”. Horren ondorioak argiak dira, Sailaren arabera: “gas propanoaren hornidura-zerbitzua egokia izan da, eta indarreko legeriak eskatutako betekizun guztiak bete ditu”.

Esan bezala, martxoaren 17an Energiako zuzendari Oskar Zabala prentsaurrekoan azaldu zen lan guztien berri emateko. Adierazi duenez, “diskrezioz jardun dugu, eta eskura ditugun bitarteko guztiak erabili ditugu erabiltzaileen kexak argitzeko. Zerbitzuan inolako irregulartasunik atzeman ez dugunez, Jaurlaritzak gai hori itxitzat eman du, sortutako zalantza guztiak argitu direlako segurtasun osoarekin”.  Jaurlaritzak zalantzarako tarterik utzi barik itxi gura izan du auzia, agerikoa denez.

Jasotako kexei dagokienez, Sailak dio “martxoaren 15ean, bide ofizialetik 25 kexa aurkeztu” zirela, eta Artziniegatik bakarra jaso zela. Horiezaz gain, “zenbait faktura-kopia” jaso ei zituen, “baita telefono bidezko erreklamazioren bat ere”, euren esanetan “Repsolen azken fakturarekiko desadostasuna baino adierazten ez zuena”. Prentsa-oharrean ez da aipatzen kaltetutako herritarrak, udalen eta aldundiaren laguntzarekin, orain ari direla erreklamazioak tramitatzen.

Polemika-iturri izan diren tenperatura datuak ere “egiaztatu” ei ditu Sailak. Gogoratu behar da Repsolek adierazi zuela gasaren kontsumoak gora egin zuela batez besteko tenperatura iazkoa baino bi gradu hotzagoa izan zelako; horrek harridura eragin zuen kontsumitzaileen artean, itxura guztien arabera negua iazkoa baino askoz epelagoa izan delako. Sailak prentsa-oharrean honako hau baino ez dio: “ Euskalmetek eskainitako batez besteko tenperaturak egiaztatu genituen, eta Repsol enpresako arduradunekin harremanetan jarri ginen”. Sailak dio enpresak “berehala” eman dizkiola eskatutako datu guztiak, “ fakturazioaren bilakaerarekin, gasaren kalitate-ziurtagiriekin, erabiltzaileen kontsumoekin eta abarrekin lotutakoak barne”. Tenperaturen datuak zeintzuk izan ziren ez da aipatzen, hala ere.

Esan dugun lez, Jaurlaritzako arduradunek zirrikiturik txikiena ere ez dute zabalik utzi gura bi asteko azterketa-lana egin ostean, eta behin eta berriz aipatzen dute Repsolen fakturetan “inolako irregulartasunik” ez dagoela. Fakturazioan “administrazio-okerrik ote zegoen ere” aztertu ei dute, eta horretan ere ez dute “ezer aurkitu”, ezta kontagailuetan ere.  

Gasaren kalitatea ere aipatu izan dute kaltetuek, kontsumoaren igoera harrigarri hori azaltzeko faktore gisa. Kalitate hori egiaztatu egin ei dute: “Industria Sailak astebete lehenago eskatuak zituen jatorrian bertan egindako kontrolak eta kalitate-ziurtagiriak. Aurreko laginketa guztietako ondorio berbera atera da: gasaren kalitateak gainditu egiten ditu eskatutako estandarrak”. 

Azkenik, Industria Sailak fakturaren igoeraren zergatia tarifen gorakada izan dela baieztatzen du, “Ministerioak prezioan ezarritako igoera % 30 izan delako eta, bestetik, 2011n kobratzen den BEZa (% 18), 2010ean kobratzen zena (% 16) baino handiagoa delako”. Kontsumoaren gorakadaren kontuari ez dio bete-betean heltzen, eta esaten du “faktura bezeroak hilabete bakoitzean egindako kontsumoaren araberakoa” dela.

Repsolek Artziniegan dituen abonatu gehienek, ostera, “ezin dute sinetsi” iaz baino gehiago kontsumitu dutela, eta konbentzituta daude aurreko neguan baino gutxiago piztu dutela berogailua, eta Repsolek "zerbait" egin duela gasarekin, gehiago kontsumitu dadin. Esan bezala, aste honetan ere erreklamazioak aurkezten dihardute hainbat herritarrek, eta Arabako Foru Aldundiko Toki Adminsitrazioko diputatu Iñaki Nafarratek ere uste du Jaurlaritzak "faltsuan" itxi duela kasua

Industria Sailak emandako ondorio hauen aurrean, Legebiltzarrean ere ekimenak egon dira aste honetan. Hala, EAJk jasotako informazio guztiak eskatu egin dizkio Industriako sailburuari. Javier Carro legebiltzarkideak, zehazki, kalitate-kontrol guztien datuak eta Euskalmeten tenperatura-datuak jasotzeko eskea egin du, eta erantzunaren zain daude.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide