Artziniegako alkatea: “Ez gaude ados gertatutakoarekin. Uste dugu Repsolek minimo batzuk bete behar dituela”

Erabiltzailearen aurpegia Xabi Zalbide 2011ko mar. 1a, 11:26

Agurtzane Llano atzo bildu zen Repsolekin, baina konpainiak esan zuen tarifek eta kontsumoak gora egin dutela eta, ondorioz, fakturak justifikatuta daudela. Kaltetutako udalerrietako alkateek Repsoli “minimo batzuk” bermatzeko eskatu diote, eta “bestelako neurriren bat”  hartzeko aukera aztertzen ari da kaltetutako beste udal batzuekin batera.

Agurtzane Llano atzo bildu zen Repsolekin, baina konpainiak esan zuen tarifek eta kontsumoak gora egin dutela eta, ondorioz, fakturak justifikatuta daudela. Kaltetutako udalerrietako alkateek Repsoli “minimo batzuk” bermatzeko eskatu diote, eta “bestelako neurriren bat”  hartzeko aukera aztertzen ari da kaltetutako beste udal batzuekin batera.

Gasaren fakturaren gorakadak hautsak harrotu ditu Artziniegan. Aurreko astean propanoa kontrataturik duten bizilagunek ustekabe itzela hartu zuten abenduaren 15etik otsailaren 15era  bitarteko faktura jasotzean; kasu gehienetan, iazkoaren bikoitza zen, eta zenbaitetan gehiago. Artziniegakoa ez da kasu bakarra, Euskal Herriko beste udalerri batzuetan ere (Ea, Bastida, Aramaio…) antzeko zerbait gertatu da, eta herritarrak oso haserre agertu dira Repsolekin, igoeraren berri eman ez dielako alde batetik, eta bestetik, irakurketetan eta kontsumoaren neurketan “akatsak” daudela uste dutelako. Kasurik okerrenetan, bigarren etxebizitza batzuetan irakurketa egin barik ia 500 euroko fakturak jaso dituzte. Asko eta asko izan dira udaletxera informazio eske joan direnak eta Repsolen euren kexa utzitakoak.

Egoera horren aurrean, Artziniegako eta kalteturiko beste udalerrietako alkateek bilera bat eskatu zioten Repsol konpainiari, argibideak jasotzeko eta herritarren artean dagoen ezinegonaren berri emateko. Bilera atzo egin zuten, 13:00etan. Guk Artziniegako alkate Agurtzane Llanorekin berba egiteko aukera izan dugu, eta bilera horretan esandakoak helarazi dizkigu:

Hasteko, Repsolen arabera, tarifak erabat justifikatuta daude: gasaren prezioak garestiagoak dira, 201eko abenduan 2009an baino %29 garestiagoa, eta urtarrilean %30. Prezio hori Espainiako gobernuak erregaietarako ezartzen dituen tarifen araberakoa ei da, tartean propanorako. Prezioak hainbat aldagairen arabera kalkulatzen dira: lehengaiarena, Itsaso-garraioarena, euro eta dolarraren arteko parekotasunarena, eta abar. Bestetik, Repsolek dio aurtengo neguan kontsumoaren gorakada handia gertatu dela (zehazki, kontsumoak %32 egin duela gora). Azkenik, badago beste faktore bat igoera azaltzeko: azken kontsumo-aldian bi aldiz aldatu dituzte tasak, eta horiek aplikatzeko orduan, aldi osoak kontuan izan beharrean, eguneko estimazioak egin dituzte (horrela diru gehiago eskuratzen da).

Azken faktore horri dagokionez, Artziniegako alkatearen esanetan, “herrietako ordezkariok uste genuen hortik zerbait erreklamatzeko modua egon zitekeela, baina tasen aldaketan iragartzeko dekretuak hori egiteko bidea zabaltzen du”. “Edozelan ere, udala ez dago ados gertatutakoarekin. Ez gaude ados urte batetik bestera fakturak %64 garestitzearekin. Uste dugu gutxieneko batzuk bete behar direla; hala nola, irakurketak hilerokoak izatea, ordainketak zatitzea eta propanoa duten herritarrei zein udalari behar den informazio guztia ematea. Beste aldetik, Bastidako alkate Ignacio Gilekin berbetan nabil, bestelako neurriren bat hartu daitekeen aztertzeko”.

 

AZKEN ORDUA: 

Artziniegako Udalak gainontzeko udalerrietako alkateei zera proposatu die: herritarrei erreklamazioa egiteko orriak ematea eta udaletik Eusko Jaurlaritzako Kontsumo Sailan erreklamazio bateratua aurkeztea, irakurketen estimazioei dagokienez.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide