"Saria artziniegarrokin partekatu gura dugu, eurak direlako herriari bizia ematen diotenak"

Erabiltzailearen aurpegia Xabi Zalbide 2011ko urt. 30a, 09:00

Arabako ondarea eta historia zabaltzea helburu duen Landazuri Elkarteak Artziniegako Artea Etnografia Elkarteari eman dio saria. Sari hau 1992tik ematen da kulturaren zabalkuntzan egindako lana aitortzeko. Artea elkarteak urte luzeak daramatza inguruotako ondarea jasotzen, eta Euskal Herriko museo etnografikorik handienaren sortzailea da. Saria otsaileko azken zapatuan edo martxoko lehehengoan banatuko da.

Arabako ondarea eta historia zabaltzea helburu duen Landazuri Elkarteak Artziniegako Artea Etnografia Elkarteari eman dio saria. Sari hau 1992tik ematen da kulturaren zabalkuntzan egindako lana aitortzeko. Artea elkarteak urte luzeak daramatza inguruotako ondarea jasotzen, eta Euskal Herriko museo etnografikorik handienaren sortzailea da. Saria otsaileko azken zapatuan edo martxoko lehehengoan banatuko da.

Aiaraldea Komunikazio Leihoa Jose Luis Fdez. Zurbitu Arteako kidearekin egon da, sari honetaz eta elkartearen ibilbideaz berba egiteko.

 

Nola hartu duzue Artea elkartean sari hau?

Artea Etnografia Elkarteko kideontzat atsegin handia izan da Gasteizko hain erakunde garrantzitsu baten eskutik sari hau jasotzea. Saria Artziniegako elkarteekin eta artziniegarrokin partekatu gura dugu, eurak direlako, azken batean, herriari bizia ematen diotenak, martxan eta aurrera begira egoteaz gain, bere iraganaz harro dagoen herri bat.

 

Zer saritzen du, zehazki, Landazuri sariak?

Uste dugu honekin elkarteak Arabako ondarearen zati bat gordetzeko egindako lana aitortzen dela. 30 urte baino gehiago darama Artea Elkartea irabazi asmorik gabeko lana eginez, euskal kulturarekin konpromiso argia erakutsiz. Gure aldizkariaren eta bestelako argitalpen etnografikoen bitartez, historia eta usadioak zabaltzen ditugu. Argitalpen hauek guztiak beste museo batzuei, liburutegietara eta Euskal Herrian etnografiaren arloan erreferentziazkoak diren pertsonei bidaltzen zaizkie.


Hainbeste urteren ostean, zelan ikusten da elkarteak egindako ibilbidea?

Santutegiko beheetan lehenengo museoa atontzeko lanak egiten hasi ginenetik, ia batere laguntza barik eta isilean, 30 urte joan dira. Elkartean lan egiten dugunon kemenari esker, amestutako proiektu asko errealitate bihurtu ditugu. Horren adibide da gaur egun museoa hartzen duen eraikin historikoaren zaharberritzea eta erakusketa berton ezartzea.

Museoa, apurka-apurka, Arabako erreferentzia etnografikoa bihurtu da, eta, horrela, Gasteiztik eta Arabako beste herri batzuetatik desagertzeko arriskuan zeuden piezak jaso ditugu.

 

Uste duzu Artziniegan Artea Elkartearen lana behar bezala baloratzen dela?


Lantzean behin herrian kritikaren bat entzuten dugu Museoak dakarren gastua dela-eta, hezkuntzak edo kulturak orokorrean etekin ekonomiko zuzenak eman beharko lituzkeen negozioa balitz bezala. Argi daukaguna da Museoa urtero 10.000 lagunek bisitatzen dutela, eta horietako askok Artziniegako eta eskualdeko negozioetan kontsumitu eta dirua utzi dutela. Ostera, EHUk, Eusko Ikaskuntzak, Aranzadi Zientzia Elkarteak eta bestelako erakunde eta museo batzuek gure lanari errekonozimendua egin diote. Euskal Herritik kanpo ere oihartzuna izan dugu; iaz, esaterako, Euskal Herria bisitatu zuen Kataluniako ordezkaritza kultural bat Artziniegara etorri zen, gu baiginen Arabako ordezkari.

Amaitzeko, beraz, Artea Elkarteak Landazuri Elkarteari bere esker ona adierazi gura dio sari honengatik, bai eta artziniegarrei eta beste leku batzuetako kolaboratzaileei ere, denon artean sortu eta bizirik mantentzen dugulako proiektu hau.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide