Artziniegan, euskara mihian

Erabiltzailearen aurpegia Xabi Zalbide 2010ko abe. 14a, 10:53

Zapatuan euskararen aldeko jaieguna egingo da Artziniegan, Aiarako Kuadrillak eta hiriko berbalagunek antolatuta. Ekitaldi hau eskualdeko jaia bihurtzeko asmoz jaio da, antolatzaileen esanetan.

Zapatuan euskararen aldeko jaieguna egingo da Artziniegan, Aiarako Kuadrillak eta hiriko berbalagunek antolatuta. Ekitaldi hau eskualdeko jaia bihurtzeko asmoz jaio da, antolatzaileen esanetan.

Artziniegak hilaren 18an “Euskara Mihian” jaiaren lehenengo edizioa hartuko du. Ekimen hau euskararen erabilera sustatzeko asmoz antolatu du Aiarako Kuadrillak, hiriko eta eskualdeko berbalagunen laguntzaz eta Arabako Foru Aldundiaren babesarekin. Ekitaldiak goizez hasiko dira, hamaikak jotakoan; ordu horretan egingo dira frontoian bai umeentzako eskulan-tailerra bai zazpi urtetik gorakoentzako skate-tailerra. Tailerrak egiten diren bitartean, 12.00etan, eskualdeko berbalagunak hantxe elkartuko dira eta kalejira egingo dute hirian zehar. Horren ostean, bazkariaren txanda etorriko da, ordu bietan Llantada jatetxean. Arratsaldez ere ekitaldiak egongo dira: helduek kantu-poteoa egingo dute 17.00etatik 19.00etara, “Bertoko” taldearen musikaz lagunduta, eta umeek 20:00etatik aurrera Hipo eta Tomax pailazoen ‘Beldurraren etxean’ ikuskizunaz gozatzeko aukera izango dute.

Jaiegun hau antolatzeko ideiaz galdetuta, Euskara Zerbitzuko arduradun Alberto Agirrek adierazi digu “presaka prestaturiko egitaraua” izan dela. Albertok azaldu du euren lehenengo asmoa “Euskararen Nazioarteko Egunetik gertuago egitea” zela, baina “aurrekontua zehaztu barik zegoenez” eta “abenduko zubia tartean egonda, eta Artziniegako bertako ohiko aktibitateetan ez interferitzearren” abenduaren 18ra ekarri behar izan dutela. Euskara Zerbitzutik Berbalagun programako kideek emandako laguntza nabarmendu gura izan dute: “prestaketa lanetan oinarrizkoa izaten ari da Berbalagun programaren parte-hartzea eta lana, haien inguruan eta haiekin muntatzen ari gara umeentzako-gaztetxoentzako ez den egitarau guztia. Eguerdiko berbalagunen topaketa eta kalejirarako berbalagunek beraiek jarriko dute musika-dinamizazioa (triki eta panderoa)”. Gaur egun, Artziniegan, 18 pertsona dabiltza Berbalagun programan, baina Agirreren esanetan, “abenduaren 18koak eskualdeko gainerako berbalagunak ere erakarri nahi ditu eta, horregatik, eskualde osoan zabaldu da EUSKARA MIHIAN 2010 programaren berri”.

Azkenik, Alberto Agirrek jai honi dagokionez etorkizunerako dituzten asmoen berri eman digu. Bere esanetan, “aurtengo hau –denborarekin behar lukeen garapena izaten badu - agian urtean-urtean egiteko eskualdeko euskararen jaia bihur liteke”, hala ere, argi utzi gura izan du “momentuz, abenduaren 18an Artziniegan egingo den euskal jai bat” dela, baina “nolabaiteko eskualde-usaina izan nahi lukeena”.

Euskara Mihian jai honetako ekitaldi guztietan sarrera librea izango da, baina bazkarira joateko izena eman behar da abenduaren 15a baino lehen. Horretarako, Aiarako Kuadrillara deitu behar da (945399122) eta Vital Kutxako 2097 0264 86 0008005886 zenbakian 15 euro sartu, "bazkaria" kontzeptuarekin.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide