Algis Arlauskas zinema-zuzendaria: “Artziniega eskaintzen dituen posibilitateengatik eta jendearen laguntzagatik aukeratu dugu ‘Patria’ filmatzeko”

Erabiltzailearen aurpegia Xabi Zalbide 2010ko urr. 9a, 16:00

Algis Arlauskas zuzendari errusiarrak “Patria” izeneko pelikula filmatuko du Artziniegan hilabete honetan.

Algis Arlauskas zuzendari errusiarrak “Patria” izeneko pelikula filmatuko du Artziniegan hilabete honetan.

Urriko hirugarren asteburuan Artziniegako alde historikoa eta beste inguru batzuk pelikula baten dekoratu bihurtuko ditu Algis Arlauskas zinema-zuzendariak. Izan ere, gure hiria aukeratu du Errusiako Telebista Zentralerako grabatzen dabilen film luzea errodatzeko, “Patria” izenekoa. Filmak Africa de las Herasen bizitza kontatuko du, Sobiet Batasunaren zerbitzura espioia izandako emakumea eta Leon Trotskiren hilketan zerikusi zuzena izan zuena.

Filmazio-taldeak laster hasiko du bere lana Artziniegan, etzi, astelehenean bertan, eta hilaren 24ra arte egongo dira gurean. Artziniegako herritar batzuk estra moduan arituko dira, domeka honetan egindako casting-ean parte hartu ostean.

Algis Arlauskas zuzendari, aktore eta gidoigile euskalduna Errusian jaioa da eta Bilbon bizi da duela hemeretzi urte. Aita lituaniarra dauka, ama euskalduna, eta zuzendari eta gidoigile gisa lan ugari egin du, bai Errusian bai Euskal Herrian eta Espainian. Aktore lanetan ere ibilitakoa da telebistan eta zineman, eta Bilboko Ánima Antzerki Eskolako sortzaile eta koordinatzailea da gaur egun.

Aiaraldea.com-ek Algis Arlauskasekin berba egiteko aukera izan du, eta laster Artziniegan hasiko den filmazioaren berri eman digu:


Kontaiguzu, Algis, nor izan zen África de las Heras?

Sobiet Batasuneko espioi xelebre bat izan zen. Orain arte bere kasua eta bizitza ezezagunak dira, baina azken bolada honetan pixkanaka agertzen hasi dira xehetasun batzuk.  Interneten adibidez. Eta orain dela bi urte Katalunian Javier Juarez ikertzaileak "Patria, una española en el KGB" liburua argitaratu zuen.

Nola izan zenuen bere historiaren berri?

Ekoizpen-etxe errusiar bateko enkargu bat da. Enkargua jaso baino lehen ez nuen ideiarik ere bere kasuari buruz.

Zergatik aukeratu duzu Artziniega zure filma grabatzeko? Ezagutzen zenuen lehendik?

Ez nuen lehendik ezagutzen. Artziniegak posibilitate asko eskaintzen digu: natura ederra, arkitektura ezberdina, antzinako giroa, izugarrizko museo etnografikoa. Eta garrantzitsuena: jendearen ulermena eta laguntza.


Artziniegako zein lekutan grabatuko duzue?

Museoan, errekako presan, hilerrian, kaleetan, eliza aurrean, eta batez be, indianoen palazete abandonatu batean.

Artziniegako jendeak nola hartu zaituzte?

Ezusteko ederra izan da, oso harrera positiboa egin digute.

Artziniegaz gainera, non grabatu edo grabatuko duzue?

Hemen Euskal herrian, Santurtzin, eta bestela Moskun.


Noizko uste duzue amaituko duzuela filma?

Abunduaren bukaera aldera filmaketa amaituta egotea espero dugu .


Amaitu ondoren, bide komertziala nola aurreikusten duzu?

Ez dakit, ez da nire kezka momentu honetan. Gauza bat bakarrik bermatuta dugu: Errusian Telebistako Kate Zentralean abenduan agertuko da.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide