Otsaileko ziklogenesiak kiroldegiko estalkia eta leihoak txikitu egin zituen, eta orduz geroztik itxita egon da. Beharginak azken ukituak ematen ari dira datorren astean zabaltzeko.
Urte erdi igaro da haizeteak Artziniega eta Aiaralde osoa gogor astindu zuenetik. Ziklogenesiak eragindako kalte batzuk oraindik agerian daude, eta ez bakarrik mendi eta basoetan. Artziniegako kiroldegia, esaterako, ordutik itxita egon da; otsailaren 27an haize bortitzak estalkia kendu zion eta leiho gehienak apurtu, eta aseguruekin egondako hainbat desadostasun eta arazoengatik ezin izan da oraindik guztiz konpondu eta zabaltzeko moduan utzi. Dena dela, azkenaldian lan batzuk burutu egin dira.
Agurtzane Llano alkatearen esanetan, udan zehar “estalkia, teilatuko hodiak eta sistema elektrikoa aldatu dira”, eta “egunokaz margotzen eta beste lan txiki batzuk egiten ari dira”. Datorren astean, azkenik, alkateak adierazi duenez, “kristalak aldatuko dira segituan zabaltzeko, izan ere ikastaroak, futbol-eskola eta entrenamenduak hasiko dira”. Beraz, ikasturtearen hasierarako kiroldegia erabilgarri egongo ei da eta bertan egiten diren jarduera guztiak burutu ahal izango dira.