Aurreko urteetan lez, ikastaroen eskaintza aurkeztu du Udalak kulturgintza aldizkarian. Izena emateko epea irailaren 23tik 28ra egongo da zabalik.
Saskigintza, egur-taila eta marrazketa tailerrak, kirol-jarduerak, euskarazko eskolak… hori eta beste hainbat jarduera aurkeztu ditu beste urte batez Artziniegako Udalak 2010-2011 ikasturte honetarako. Jarduera guztiak urritik maiatzera bitartean egingo dira eta Artziniegan erroldatuta daudenek lehentasuna izango dute lekua eskuratzeko orduan. Ikasleek eta langabetuek prezio bereziak izango dituzte. Izen-ematea udaletxean egin behar da eta egun honetan zabalduko da, hilak 23, eta datorren martitzenean itxi egingo da. Taldeak osatzeko, 8 pertsonako kopuru minimoa ezarri du udalak.
Jarduerak mota bikoak izango dira nagusiki: alde batetik eskulangintzarekin lotutako tailerrak, hala nola, saskigintza, marrazketa, altzariak zaharberritzea eta eskulanak, eta beste alde batetik, kirol eta aisialdiaren arlokoak, hala nola erromeria eta areto dantzak, pilatesa, gimansia, yoga eta abar.
Horietaz gainera, irailaren 29ra bitartean euskara ikasteko taldeak osatzeko epea zabalik dago, eta horretarako udalak bekak eskaintzen ditu.
Informazio gehiagorako, Artziniegako Udalera jo (945396353 eta www.artziniegakoudala.org). Atxikitako dokumentuan xehetasunak eta prezioak ikus ditzakezue.