Aurtengo Artziniegako Jai Batzordea Txokolate a la Taza eta Komando Rotonda koadrilek osatu dute. Euren lehenengo urtea izan da, eta jaiak amaitu zirenetik egun gutxi batzuk igaro direnean, eurekin berba egin gura izan dugu, jaien balorazioa jasotzeko eta udala zein koadrilekin izan duten lankidetzaren berri jasotzeko.
2010eko jaiak heldu eta pasatu dira. Zer balorazio orokorra egiten duzue batzordetik?
Orokorrean oso ondo egon dira. Gure lehenengo urtea izan da batzordean, eta esan dezakegu esperientzia ona izan dela. Arazo asko eduki genituen hasieran, zeren eta ez genekien oso ondo nola antolatu gauzak baina azkenean erritmoa hartu eta festak aurrera atera genituen.
Aurten musikaren aldeko apustu handia egin duzue, uste duzue ondo atera dela?
Musika aldetik oso pozik gaude. Apustu gogorra egin genuen hasieratik eta jaso ditugun emaitzak oso onak izan dira. Pega bakarra izan daiteke “nagusientzako” musikarik ekarri ez dugula, baina era berean, pasa den urtean musika gehiena “nagusientzako” izan zen, eta horri buelta eman nahi izan diogu.
Zein ekitaldi nabarmenduko zenituzkete arrakastatsuak izan direlako?
Musikaren aldetik esan dezakegu ekitaldi nabarmenenak “Top Lider” taldea eta “Lendakaris Muertos” taldea izan direla. Top Lider taldea ez da oso ospetsua baina kontzertura nahiko jende etorri zen, oso ikusgarria izan zen ekarri zuten eszenatokia, soinu-ekipo harrigarria ere ekarri zuten. Lendakaris muertos-en aldetik ere oso ondo egon zen kontzertua, taldearen abeslaria oso ondo, aparte egon zen jendearekin abestera jaitsi zenean.
Beste ekitaldien aldetik, Koadrilen arteko txapelketa nabarmenduko nuke. Ekitaldi mota hauek, gazteen partaidetza eskatzen dute, eta esan dezakegu, aurten, iaz bezala, nahiko ondo egon dela eta partaidetza ugari lortu duela.
Zer ikusi duzue hobetzeko?
Gauza asko hobetuko genituzke, baina bat aipatzekotan esango genuke batzordeak jaiak antolatzeko orduan informazio urria jaso duela. Gure lehen urtea izanda batzorde moduan ez geneukan ideiarik gauzak egiteko moduaz, eta uste dugu hasieratik jarraibide batzuk eman behar zizkigutela. Esan nahi duguna da honekin ikasi egin dugula ekinez, huts eginez eta berriz ekinez. Uste dugu denbora aurreztuko genukeela hasieratik esan izan baligute kontua nondik nora zihoan.
Ez dugu honekin esan nahi Batzordea eta udalaren arteko hartu-emana txarra izan denik, ez delako horrela izan, ezpada informazioaren arloan hobetu zitekeela.
Koadrilen aldetik egon den kolaborazioa egokia izan da, eskasa....?
Koadrilen aldetik egon den partaidetza txapelketarekiko oso ona izan da, baina egia da kolaborazio oso eskasa izan dela. Betiko jendeak laguntzen zaitu, eta jende ezberdinari laguntza eskatzerakoan normalean ezetza jaso dugu.
Normalean koadrila “nagusiak” izan dira gehien lagundu gaituztenak, baina koadrila gazteek nahiago dute parrandan atera lagundu baino.
Jaien aurretik arazo "txikiren" bat egon zen txosna dela-eta. Zer uste duzue egin behar dela txosnen kontua konpontzeko?
Aurten, pasa den urtean bezalaxe arazoak egon dira txosnarekin. Nire ustez arazoak konpontzeko Udalak txosna dohainik eman beharko luke herriko elkarte bati, eta nahi duen guztiak txosna jartzeko eskubidea eduki beharko luke. Hau da, 3 taldek txosna jarri nahi badute, egin behar dena da udal txosna zozketan eta dohainik atera, eta beste biak alokatzeko baimena eman.
Arazo txiki hau datorren urterako konponduta egon beharko dela uste dugu, eta hala saiatuko gara gure partetik.
Datorren urtera begira erronkari berriz heltzeko asmorik bai?
Ikusiko da, hori hausnartu behar dugu. Azken batean batzordea osatu dugun jendetik gutxi batzuk ibili gara lanean topera jaietan zehar, eta horietako batzuk apur bat erreta gaude. Urtean zehar ez da lan handirik egin behar, baina jaiak heltzen direnean asko egin behar da, eta batzuentzat parranda egiteko ezintasuna gogorra gertatzen da. Jende gehiago inplikatzeko beharra ikusten dugu, bestela lan-karga handia hartzen dugulako gutxi batzuok. Gainera, inplikazio horri esker jaiak ere are hobeak egingo ditugu.