Etenik ez Artziniegako jaietan

Erabiltzailearen aurpegia Xabi Zalbide 2010ko ira. 7a, 10:18

Lehenengo asteburu jendetsuaren ostean, bihar Andra Mariren eguna ospatuko da. Barikuan “Lendakaris Muertos” taldeak kontzertua emango du.

Lehenengo asteburu jendetsuaren ostean, bihar Andra Mariren eguna ospatuko da. Barikuan “Lendakaris Muertos” taldeak kontzertua emango du.

Lehenengo txanpa pasatuta, aste honetan zehar Artziniegako jaiek ez dute etenik. Bihar bertan Arteko Andra Mariaren jaieguna ospatuko da, hiriko patroiaren eguna, eta horren harira Santutegian egingo diren ekitaldiak izango dira nagusi; iluntzean dantzaldia egongo da “Ganeko” taldearekin. Barikutik aurrera asteburua bete-beterik dator, izan ere, bigarren asteburu hau izan ohi da asteburu “handia” Artziniegako jaietan. Barikuan bertan koadrilen ohiko afaria egingo da Barrenkalen, eta horren ostean musika izango da protagonista nagusia, Izate Faltsua, Zergatik Ez eta Lendakaris Muertos taldeen kontzertuekin.

Zapatuan Arteko Landan egiten den herri-bazkari ospetsuaren txanda izango da, bertan hainbat ekitaldi egingo dira: txinga-eroate txapelketa, kutxa kutxaren gainean, eta aurten nobedadea eta koadrilen arteko txapelketarako baliagarria izango den “twister” txapelketa. Betiko lez, zazpi eta erdietan Arteko Landatik hirirainoko jaitsiera egingo da eta gazteek buelta emango dute alde zaharretik ur eske. Arratsaldeko pilota-partiduen ostean, Arizgoiti eta Amaiur taldeen musikak girotuko du  Garai Plaza ordu txikietara arte, eta atsedenaldian kulero eta galtzontzilo lasterketa egingo da.

Jaiak domekan amaituko dira, baina agur esan aurretik ez da arnasa hartzeko astirik egongo: goizean goizetik marmitako eta tortilla txapelketa egingo da Goiko Plazan, pintura-lehiaketa, txirrindulari-lasterketa, mus-txapelketa, koadrilen arteko herri-kirolak… Ohi lez, jaiak amaitzeko odoloste-jana egingo da Goiko Plazan, ardoa egongo da denontzat eta suziriak botako dira. Egun borobila, beraz, jaiei eta udari datorren urtera arte esateko.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide