Bihartik aurrera, Artziniega hamar eguneko jai-giroan murgilduko da. Aurten musikak leku nagusia izango du, hainbat kontzertu eta emanaldirekin. Iaz bezala, koadrilen arteko txapelketa egingo da jaietan zehar.
Aurreko asteburuan Antzinako Azokak kolorez eta jendez bete bazuen Artziniega, oraingoan, eta ia arnasa hartzeko astirik hartu barik, jaien txanda dator. Bihar bertan txupina botatzeko unea helduko da, eta ordutik aurrera artziniegarrek hamar egun izango dituzte festaz eta algaraz gozatzeko. Aurten, "Komando Rotonda" eta "Txokolate a la Taza" koadrilek osatzen duten jai-batzordetik azaldu dutenez, musikari bultzada eman gura izan diote, beste urteetan arlo horretan hutsunea igarri izan delako, eta horretarako talde onak ekartzen ahalegindu dira, hala nola “Lendakaris Muertos” iruñarrak eta La Polla eta Extremoduro taldeen bertsioak egiten dituzten “A Pelo” eta “Acero”. Koadrilen parte-hartzea ere sustatu gura izan dute; hori dela eta, aurten ere iaz lehenengo aldiz egin zen koadrilen arteko txapelketa egingo da jaietan zehar.
Ekitaldiak txupinazoa baino apur bat lehenago hasiko dira, arratsaldeko zazpietan berbalagunek egingo duten triki-poteoarekin. Ondoren, 19:45etik aurrera koadrilek Goiko Plazan daukate hitzordua, talde-argazkia egiteko eta zurrakapotea dastatzeko. 21:00etan txupinazoa botako da udaletxeko balkoitik, bertara kalejiran joan ostean. Musikaren tartean, "Top Lider" taldea arituko da Garai plazan gaueko hamaiketatik aurrera.
Zapatuan, berriz, eguna bete-beterik dator. Egun osoz “Motorearen Eguna” ospatuko da; goizez Barrenkalen ibilgailu klasikoak egongo dira ikusgai, eta bazkalostean igerilekuko aparkalekuan jarriko den zirkuitoan rally-autoen erakustaldia egongo da, pilotu profesionalen parte-hartzearekin. Horretaz gainera indaba-jana egongo da Goiko Plazan ordu bietan, eta dagoeneko klasikoa bihurtu den Bonbona Lasterketa arratsaldeko 7etan jokatuko da. Gauean “Acero” eta “A Pelo” taldeek girotuko dute herria, Extremoduro eta La Polla taldeei tributoa egiten dieten taldeak hain zuzen ere. Asteburua amaitzen joateko, domekan adinekoen eguna ospatuko da, bai eta “Iturritik Iturrira” izeneko krono-igoera herrikoia.
Jaiak datorren aste osoz eta asteburura arte luzatuko dira, beraz, horren berri emango dizuegu. Bitartean, jaietako egitarau osoa gure AGENDAN ikusi dezakezue.