Gordexolako errepidearen auzia, konpontze bidean

Erabiltzailearen aurpegia Xabi Zalbide 2010ko abu. 9a, 09:30

Gordexolako Udalak abiadura kontrolatzeko plastikozko konkorrak ordeztu egin ditu. Orain dela urte eta erdi sortutako arazoari konponbidea eman zaio. Hala ere, erabiltzaile batzuen esanetan, jarritako igarobide goratuetariko batzuk altuegiak dira.

Gordexolako Udalak abiadura kontrolatzeko plastikozko konkorrak ordeztu egin ditu. Orain dela urte eta erdi sortutako arazoari konponbidea eman zaio. Hala ere, erabiltzaile batzuen esanetan, jarritako igarobide goratuetariko batzuk altuegiak dira.

Artziniegatik Bilbora doan BI-2604 errepidea amesgaiztoa izan da azken urte eta erdian Artziniegako herritarrentzat. Arazoa 2008. urtearen amaieran sortu zen, Bizkaiko Foru Aldundiak Gordexolako Udalari errepide horren kudeaketa esleitu ondoren. Orduan, udalak, “larregizko abiadura kontrolatzearren" plastikozko 20 konkor edo erresalto ipini zituen udalerria alderik alde zeharkatzen duen bidean, 8 kilometrotan zehar. Ezinegona eta kexak berehala etorri ziren Artziniegatik, asko direlako bide hori egunean-egunean lanera joateko edo bestelako zereginetarako erabiltzen duten artziniegarrak. Erabiltzaileak kexu ziren hainbat arrazoirengatik: konkor horiek oso kaltegarriak zirelako autoarentzat abiadura-muga errespetatu arren, arauditik kanpo zeudelako edota osasunean kalte eragiten zietelako pertsona batzuei. Horretaz gainera, kontuan hartu behar da errepide hori dela Artziniega Gurutzetako ospitalearekin lotzen duen bidea. Hori dela eta, herritarrek protesta ugari antolatu zuten 2009. urtean, bai Gordexolan bai Bizkaiko Aldundiaren aurrean. Araba zein Bizkaiko arduradun politikoekin ere bilerak eduki zituzten. Ez zen fruitu handirik eskuratu eta Artziniegako Udalak berak salaketa jarri zion Gordexolakoari epaitegietan. Gordexolako Udalak, bere aldetik, esaten zuen “egin beharreko lanak burutu ahala” konkorrak kenduko zituela eta bitartean beharrezkoak zirela konkorrak, errepidean "ezbehar kopuru" handia zegoelako.

Azkenik, eta ustekabean, uztailaren 26 eta 27an, plastikozko konkorren ordez zementuzko zebrabide goratuak ipini zituzten, batzuk altuera apalekoak eta beste batzuk goratuagoak. Artziniegako bizilagunak pozik agertu dira, protestetan bozeramaile lanetan ibilitako Javier Martinen esanetan “egun pare batean urte bi aldarrikatzen" ibili direna “burutu egin delako". Hala eta guztiz ere, Martinek esaten du “igarobideetako batzuk gehiegizko altuera” daukatela eta “bat, zehazki, arriskutsua” dela. Dena dela, uste du orain egoera “nahiko onargarria” dela, eta eskerrak eman gura izan dizkie “mobilizazioetan parte hartu zuten guztiei, gizarte-taldeei eta Artziniegako Udalari”

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide