EAJ eta PPren botoekin udalbatzak 23,6 milioi euroko aurrekontuak onartu ditu 2010erako. PSE abstenitu egin da eta Ezker Abertzaleak kontrako botoa eman du.
Laudiok baditu aurtengo urterako aurrekontuak. EAJ eta PPren babesarekin onetsi egin dira eta guztira 23,6 miloi euroko gastua aurreikusten da, gutxi gorabehera iazkoetan lez. Udal-gobernuko kideak pozik agertu dira onarpena dela-eta. Leire Orueta bozeramaileak nabarmendu du ia miloi bat euro bideratuko direla inbertsioetarako, eta dirua herritarrek eskatutako lanetan erabiliko dela: “etxe arrosako” espaloia, Gardeakoa, Barbarako errebueltako egokitze-lanak eta hezkuntza-zentroetan egin beharreko lanak, besteak beste. Dena dela, gastu gehiena langileen arloan erabiliko da, horrek 13 milioi euro hartuko ditu eta, nahiz eta guztira %5ko murrizketa egin den. Udal-gobernutik nabermendu gura izan dute Laudioko Udalak gaitasuna erakutsi duela, diru-bilketan izandako zailtasunak gorabehera. Alderdi Popularraren aldetik, Carlos Urquijo pozik agertu da bere taldearen ekarpenak aurrekontu-proiektuan jaso direlako, esate baterako Udalbidera bideratutako dirua kentzeko eskaera edo Abastoseko plaza hobetzeko partida bat onartzea.
Ezker Abertzaleak, berriz, oso zorrotz kritikatu ditu aurrekontuak, eta bere ezezko botoa hainbat aldetatik arrazoitu du. Alde batetik, nabarmendu dute aurrekontuen lanketa “berandu eta herritar zein eragile sozialen parte hartzerik gabe” burutu dela, eta bestetik, izandako bilera bakarrean “zinegotzien proposamen guztiei ezezkoa” eman zaiela. Gastu sozialaren atalean ere gabezia handiak ikusi dituzte ezker abertzaleko zinegotziek, eta salatzen dute inbertsioetarako “soilik %3,93 bideratuko dela” eta “auzoetan egin beharreko inbertsioetarako ez dagoela partidarik”. Euskal nortasunarekin lotutako gaiei dagokienez salatu dute, adibidez, euskararen sustapenera bideratutako aurrekontua %0,56koa dela, nahiz eta hitz emanda duen %2 bideratzea, eta ez zaiola dirurik ematen ez Udalbiltzari, ez EAJk berak kudeatzen duen Udalbideri. Era berean, nabarmendu dute “gizarte larrialdietarako diru-laguntza ez dela 135.000 eurora iristen, berdintasun politikak garatzeko oso diru gutxi” ematen dela eta aurrekontuek “zerbitzu publikoen pribatizazioa ahalbideratu eta babesten dutela”.
Azkenik, PSEk abstentziora jo du.Txaro Sarasua bozeramailearen arabera aurrekontuen proiektua “hobetu zitekeen” baina egonkortasun instituzionalaren alde egitearren ez dira kontra azaldu. Euren ustez diru gehiago bideratu behar zen gastu sozialerako eta enplegua sustatzeko. Sozialistak prest agertu ziren aurrekontuak babesteko baldin eta Udaltzainburuaren kategorian aldaketak egiten baziren, baina Udalak esan du gai horretan epaitegien erantzunaren zain geratuko direla.