Gaur berbaldia emango du Arrankudiagako Gizarte Etxean Kubako eta Latinoamerikako egoeraren gainean. Horren ostean, afaria egongo da.
Kubako eta, orokorrean, Latinoamerikako egoerak beti piztu izan du interesa gure artean. Gaur bertan, barikua, Arrankudiagako Gizarte Etxean horren inguruko jakinmina asetzeko aukera egongo da, bertara hurreratuko delako Fabián Escalante Kubako Iraultzako jenerala. Escalante La Habanan jaio zen 1940an eta gaztetatik mugimendu iraultzailean jardun zuen. Iraultzak kartzelan harrapatu zuen eta horren ostean, Kubako segurtasun-zerbitzuak antolatzeko lanetan ibili zen, 1976an sail horretako buru izatera heldu zela. Zuzenbidea ikasi zuen eta unibertsitateko irakaslea izan zen. Kubak Ameriketako Estatu Batuen aldetik jaso dituen erasoak ikertu izan ditu, eta horren inguruko liburuak ere idatzi ditu, berriena “Operación Exterminio: 50 años de agresiones contra Cuba” izenekoa.
Fabián Escalantek Kubako eta Latinoamerika osoko egoeraz egingo du berba Gizarte Etxeko areto nagusian arrastiko 19,00etan, entzuleek galderak egiteko eta iritziak trukatrzeko tartea edukiko dute, eta horren ostean afaria egingo da.