Bere bosgarren zortzimilakoa igotzeko asmoz, zapatuan Pakistanera abiatuko da, Carlos Martínez gasteiztarrarekin batera. Uztailaren 15 eta 20 bitartean heldu gura dute tontorrera, eta bide normaletik sherpa eta oxigeno barik joango dira.
Roberto Rojo “Gorri” Laudioko mendizaleak beste erronka bati ekitear dago. Oraingoan Pakistaneko mendi garaietara abiatuko da, Karakorum izeneko mendilerrora, Gasherbrum II (8.035 m) mendira igotzeko helburuz. Aiaraldea.com berarekin berba egiteko aukera eduki du eta, adierazi digunez, dagoeneko Gorri Carlos Martínez Gasteizko bere lagunarekin Barajaseko aireportuan dago, une batetik bestera Pakistanera eroango dituen hegazkina hartzeko prest. Euren planen arabera “ekainaren 20rako base-eremura” helduko dira, eta aurreikusi dute “uztailaren 15etik 20ra bitartean helduko liratekeela gora”.
Gorrik esandakoaren arabera, “aurreko batzuetan legez”, bidea “sherpa eta oxigeno barik” egingo dute, eta hiru kanpamendu ezarri beharko dituzte: “lehenengoa 5.800 metrotan, bigarrena 6.400 metrotan eta azkena 7.100tan”. “Bide normaletik igoko dira”, eta abuztuaren 3an Euskal Herrira bueltan egongo dira.
Tontorra zapalduz gero, hau izango da Gorrik igotzen duen bosgarren zortzimilakoa: 2006an hasi zen munduko mendirik altuenak bisitatzen, Karakorumeko Broad Peak (8.047 m) mendira igota; 2007an ere Pakistanera joan zen eta Nanga Parbaten (8.126 m) gailurra zapaldu zuen; 2008an Tibetera joan zen Carlos Martínezekin eta Makalu (8.463 m) mendira igotzea lortu zuten. Azkenik, iazko irailaren 22an, Himalayako Cho Oyu (8.021 m) mendiaren tontorrera heldu zen Estitxu Salinasekin batera (zortzi mila metroko mendi batera igo den Arabako lehenengo emakumea). Zortzimilakoetara egin dituen espedizioez gainera, Gorrik esperientzia zabala dauka munduko hainbat menditan, bai Alpeetan, Andeetan edota Afrikan, eta lehen mailako eskalatzailea da.