Goizeko hamaiketan botatako txupinarekin jaiak hasi dira, eguraldi ona eta jenderaen parte hartzea lagun.
Egun osoz ekitaldiak egongo dira, goizetik gauera.
Uda aurrera doa eta Aiaraldeko herrietan festa giroa da nagusi. Gaurkoan Erretes Llantenoren txanda heldu da, eta bertan egun osorako eta adin guztietarako egitaraua prestatu dute. Jaia goizeko hamaiketan hasi da, eta ordutik aurrera zapatua ondo pasatzeko ekitaldirik ez da faltako.
Goizez, besteak beste, gazteentzako herri kirolak eta Arabako Patataren gastronomia leihaketa jokatzen ari dira; leihaketan patata oasagai nagusia den edozein plater sukaldatu daiteke, eta lehenengo eta bigarren sailkatuentzat sariak egongo dira. Arratsaldez, berriz, mus eta briska txapelketa jokatu da eta umeentzako jolasak jarriko dituzte. Jaiegun amaitzeko, 2'50 euroren truke parrillada-txokolatada egongo da, ondoren dantza-erakustaldia, eta 22'30etatik aurrera Bittor Gomezek musikaz giroa alaituko du.