Udaleko Ingurumen Arloak antolatzen du eta ekitaldiak Aresketamendi parkean egingo dira. Autobusak jarriko dituzte Amurriotik parkera joateko.
Datorren zapatuan, hilak 19, Udako Solstizioaren jaia egingo da Amurrioko Aresketamendi parkean. Jai hau Udaleko Ingurumen Arloak antolatzen du eta asmoa da aisialdia eta ingurumenari buruzko heziketa uztartzea, aldi berean herritarrok Aresketamendi parkera hurreratuz. Arloko arduradunen arabera, urterik urtera indar handiagoa eman nahi zaio jai honi, eta horretarako ekitaldiz beteriko egitaraua atondu dute.
Ekitaldiak goizeko 11etan hasiko dira, orduan eta ordu biak arte energia berriztagarrien parkea bisitatu ahal izango da eta, horretaz gainera, beste hainbat ekintza eta tailer egongo dira: globo aeroestatikoa, eskuko scalextric, magia, kometa eta energia berriztagarrien tailerrak... Jatekorik ere ez da faltako, eta 13:00etatik aurrera txistorra eta odoloste pintxoak dastatu ahal izango dituzte. Gosez geratzen direnek 14:30etan egingo den paella-jana edukiko dute; tiketak bost eurotan bertan eskuratu ahal izango dira. Arratsaldez, berriz, “Lau Haizetara” taldearen eskutik, haizearen jaia egingo da, eta sei eta erdiak bitartean zientzia-ikuskizuna eta tailerrak egingo dira. Autobus-zerbitzua egongo da joateko eta bueltatzeko Amurriko gasolindegiko markesinatik.