Artziniegako udalak aurtengo aurrekontuak onartu ditu

Erabiltzailearen aurpegia Xabi Zalbide 2010ko eka. 9a, 08:33

EAJ, PSE, EAren eta Aralarreko zinegotzi baten botoekin udalak 2010eko aurrekontuei baietza eman die.  Aurreko urteotan baino apalagoak dira eta, besteak beste, alde zaharrerako lanak aurreikusten dituzte.

EAJ, PSE, EAren eta Aralarreko zinegotzi baten botoekin udalak 2010eko aurrekontuei baietza eman die.  Aurreko urteotan baino apalagoak dira eta, besteak beste, alde zaharrerako lanak aurreikusten dituzte.

Artziniegako udalbatzak hilaren 3an egindako osoko bilkuran aurrekontuak onartu egin ziren, EAJren hiru zinegotzien eta Aralar, EA eta PSEren zinegotzi banaren aldeko botoekin; Aralarreko beste zinegotzia abstenitu egin zen eta PPko biek kontrako botoa eman zuten. Beraz, nahiko babes zabala izan dute: 9 zinegotzietatik 5ek alde bozkatu dute, bik aurka, eta batek abstentziora jo du.

2010eko aurrekontuetan 2.175.617 euro aurreikusten dira, beste urte batzuetan baino gutxiago (iaz, berbarako, 3.934.196 eurokoak izan ziren). Udaleko gobernu-taldetik adierazi dutenez, “egoera ekonomikoak hala eskatzen du” eta “talde politikoen inplikazioa eta ekarpenari esker” adostu ahal izan da. Udal-gobernuaren arabera, aurrekontuak “lan garrantzitsuak aurreikusten ditu” batez ere alde zaharrean burutuko direnak, hala nola “kaleen urbanizatzea (Artekalekoa jadanik martxan dago) saneamendu-sareen aldaketa, trafikoa erregulatzeko sistema ezartzea, mediku-kontsultategia handitzea edota zaborrontziak lurperatzea”. Alde zaharretik kanpo egingo diren lanen artean, udaletik nabarmentzen dute pilotaleku inguruko argiztapena hobetuko dela, Gordeliz auzoko ur-sarea berrituko dela eta irisgarritasuna hobetzeko lanak egingo direla. Horrezaz gainera, lan munduan txertatzeko programa bat ere martxan jarriko ei da, udalerriko 24 pertsona kontratatzearren. Balorazio positiboa egiten dute, beraz, krisi-egoera kontuan harturik.

PPko zinegotzi Joseba Elejalde aiaraldea.com-i egindako adierazpenetan nahiko kritiko agertu da eta azaldu du kontrako botoa eman dutela “aurrekontu hauek ez datozelako Artziniegako errealitate sozioekonomikoarekin bat”. Elejaldek nabarmendu du errealitate hori “latza” dela eta “oso baldintzatuta” dagoela Aiarako Kuadrillan erabaki “oker” batzuk hartu izan direlako Artziniegaren kaltetan, adibidez, kuadrillako gastuak bost udalen artean proportzionalki banatzea, biztanle-kopurua kontua hartu barik. Horrek guztiak Elejalderen arabera "erabat baldintzatzen du” Artziniegako aurrekontua, besteak beste kuadrillako kontuengatik %8ko gastuak izatetik %28koak izatera pasatu direlako. Alde horretatik alkateari leporatzen dio herria ez duela “behar bezala defendatu”. Horrezaz gainera, PPtik esaten dute iaz ere “egoeraren larritasunaz" abisatu zutela, ez zietela “jaramonik egin” eta 2008ko eta 2009ko aurrekontuak fusionatu egin zirela. “Erabaki oker horretatik datoz gaur egungo gaitz asko”, PPko zinegotziaren esanetan, eta  “koherentziagatik” eurek kontrako botoa ematea ebatzi dute, zenbait partidarekin ere daudelako ados.

Aralarreko zinegotziek, euren aldetik, ezberdin jokatu dute talde beraren barruan egonda ere. Ainhoa Astarloa zinegotziak adierazi digunez, ahalegina egin dute “taldeen artean partidak adosteko”, eta lan handia egin da azken hilabeteotako batzordeetan egoera ekonomiko larri honetan aurrekontu egokiak ateratzeko”. Nabarmendu gura izan du, gainera, udaleko beharginek “lan itzela” egin dutela “aurrekontuak koadratzeko”, kontuan izanda askoz ere diru gutxiago jaso dela hainbat fondotatik eta jaitsiera handiak egin behar izan direla. Aralarreko beste zinegotzia, Ramón Rey, berriz, abstenitu egin da, ez dagoelako zenbait aurrekontu-sailarekin ados, eta batez ere, haietako batzuk kudeatzeko moduarekin; bere ustez, “behar ez denetan murriztu egiten da, eta murriztu ahal denetan gastu absurdoak egiten dira, herritik kanpoko enpresei zerbitzuak esleituz”.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide