Jaieguna Urizahar auzo-elkarteak antolatzen du, herritarren eta udalaren laguntzarekin. Ekitaldiak Goiko Plazan egingo dira arratsaldeko zazpietatik aurrera.
Zapatu honetan, ekainak 5, Artziniegako Alde Zaharreko jaieguna ospatuko da. Jaiegun honek jatorri erlijiosoa du, antzina Gorpuzti Egunarekin batera ospatzen zelako, eta duela urte bi berreskuratu zuen Urizahar auzo-elkarteak, hainbat urtetan galduta egon ostean. Urte bi hauetan, gainera, herritarrek parte hartzea lortu da, eta neurri handi batean eurei esker burutzen dira ekitaldiak. Esate baterako, tortilla-jana eta txokolatada jendeak ekartzen duenarekin egiten dira. Ez da Urizahar elkarteak berreskuratu duen jai bakarra, izan ere, abuztuko Andra Mari egunarekin ere gauza bera lortu du.
Ekitaldiak arratsaldeko 19:00etan hasiko dira, umeentzako jolasekin eta buruhandiekin. Ondoren, tortilla-jana izango dute zortziak eta laurdenetan, eta dantzaldia jarraian Ritxar eta Otegi bikotearekin. 21:00etan gura duenak igel-tokan jokatzeko parada edukiko du, eta, amaitzeko, txokolatea egongo da denontzako eta jaia amaitzeko xanpaina, hamaika eta erdiak inguru.
Jaieguna antolatzeko ardura duen Urizahar auzo-elkartea 2008ko urrian sortu zen, Artziniegako Alde Zaharreko bizilagunak elkartu eta auzoari bultzada herritarra emateko asmoarekin. Elkarteko arduradunen esanetan, aurrera eroaten dituzten jarduerak mota bikoak dira: alde batetik jai-jarduerak antolatzen dituzte, auzoari bizitasuna emateko, eta horren adibide dira oraingo Gorpuzti Eguna edo iraileko jaietako pintxo-lehiaketa, eta, bestetik, hirigintza eta zerbitzuekin zerikusia duten gaietan ere eragile izan gura du, herritarren parte-hartzea bermatuz. Zentzu horretan, udalarekin hartu-eman zuzena edukitzea da euren helburua, orain garatze bidean dauden hainbat gaietan, hala nola Alde Zaharra biziberritzeko planean, trafikoaren erregulazioan edota Artekale berritzeko lanetan. Horretaz gainera, adierazi digute udalari “gazteentzako gune bat atontzeko aukera aztertu gura dutela”.