Xabier Santxotena eskultore nafarrak bere lana eta lan egiteko modua erakutsiko du bertan. Gaur eguerdian egingo da inaugurazio-ekitaldi ofiziala, eta etzitik aurrera bisitatu ahal izango da.
Xabier Santxotena eskultore nafarra Baztango Arizkun herrian dagoen Bozate auzoan sortu zen, eta familiatik datorkio egurra lantzeko zaletasuna eta trebezia. Gaztetan Jorge Oteiza ezagutzeko aukera izan zuen, eta berak sartu zuen artearen munduan. Sukaldaria ere izana da, baina 97tik hona arteari emana dago.
Santxotena, nafarra izan arren, orain dela hamabi urte bertora ezkondu, eta geroztik denbora sorterria eta Artziniega artean ematen du. Artziniegan lanean ibiltzen da Barretaguren auzoko bere tailerrean. Hain zuzen bertan zabalduko du, hilaren 26an, bere museo-tailerra, azken urteotan esku artean izandako proiektuaren fruitua. Artziniegako museo-tailerra bere hirugarren museoa izango da, izan ere, beste bi dauzka Bozaten, bere sorterrian: bata bere museo-parkea da, agoteen omenez sortu zuena, eta bestea Gorrienea izenekoa, non historia eta tradizioarekin lotutako lanak erakusten dituen. Agoteak Pirinioetako “arraza madarikatua" izan ziren, eta uste da Okzitaniako “kataroen” (Erdi Aroan eliza katolikoak herejetzat jo zuen talde bat) ondorengoak zirela. Bozaten biztanle guztiak ziren agoteak, eta Santxotena haien ondorengo da. Bere ibilbide artistikoan gizon-emakume horien izaera eta lanari prestigioa ematen saiatu da, eta oso presente izan du beti.
Artziniegako museoan Santxotenak bere sorkuntzaren ikuspegi zabal bat ematen du, hainbat bildumatan sailkatutako lanak erakutsiz: “basoen magia”, “euskal emakumeak”, “heriotza”, “guda”, “planetariuma”… baina horretaz guztiaz gainera bere lan-prozesua ere erakutsi gura du, zelan sortzen den artelan bat; horretarako bere lanen zirriborroak eta estudioak egongo dira ikusgai, bai eta bere tailerra, prozesua ukitu eta hurretik sentitu ahal izateko. Ez hori bakarrik, museoan ipinitako pantaila batzuen bidez, ikus-entzunezko ibilbidea ere egin ahal izango da.
Museo berri hau, esan bezala, gaur, maiatzak 26an inauguratuko da, eta bihartik aurrera publikoarentzat zabalduko da. Artziniegan dagoen hirugarren museoa izango da, Etnografia Museoa eta Eleiz Museoarekin batera. Turismoa bultzatzeko ekarpen garrantzitsua izango da, beraz, eta oso museo-eskaintza ederra osotzera dator.